Irailaren 19an, urriaren 10ean, azaroaren 7an eta abenduaren 12an egingo dituzte saioak, Emakume Txokoan, 16:00etatik 18:00etara eta aurrez izena eman beharko da, Emakume Txokoan bertan.
Saio horietan eskainiko duten informazioa honako hau da: emakumeen aurkako erasoei, dibortzioari eta dibortzio-prozesuetatik eratorritako gatazkei buruzko prozesu penalak, mantenu-pentsioak ez ordaintzea eta bisita-erregimenak ez betetzea, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, diskriminazioari eta eskubideei buruzko informazioa, etxeko langileak eta gainerako langileak kaleratzea, eta abar.
Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak azaldu du zerbitzu hau erabili duten emakume askoren ezaugarriak eta egoera kontuan hartuta, zerbitzu "integralagoa" eskainiko dutela aurrerantzean. "Kontsulta bakarra izan gabe, emakume horien jarraipena egiteko eta etengabeko arreta jasotzeko aukera emango duen modalitate bat eskainiko da".
Arrasateko Udalak 20 urte daramatza doako zerbitzu hau ematen. Banakako laguntza juridikoa da, prozesatu aurrekoa, eta kontsulta bakar batean egin izan dute orain arte.