Arrasate Hiria zapatuan, liga hasieraren atarian

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 1a, 20:47

Bergara eta Elgoibar, iazko Arrasate Hiria torneoan.

Irailaren 10eko eta 11ko asteburuan hasiko dute Aretxabaletak, Mondrak, Bergarak eta Aloña Mendik liga. Lau taldeak denboraldiaurreko partiduetan murgilduta dabiltza; zapatuan, Mondrak Bergara eta Zumaiako hartuko ditu Mojategin.

Ohorezko erregional mailan lehiatuko diren lau taldeak lagunarteko partiduetan murgilduta dabiltza; izan ere, astebete geratzen da liga hasierarako. Hala, zapatuan Arrasate Hiria torneoan neurtuko dituzte indarrak Bergarak, Zumaiakok eta etxeko taldeak, Mondrak. Hiruko txapelketa 17:00etan hasiko dute Bergarak eta Zumaiakok eta 18:00etan jokatuko dute Mondrak eta kostaldeko taldeak. Hala, arratsaldeko azken partiduan (19:00) izango da derbi debagoiendarra, mahoneroen eta sarrailagileen arteko partidua. 25 urtetik gorakoendako sarrera 5 eurokoa izango da – gazteak eta bazkideak doan sartuko dira–.

Aldaketak aulkietan

Mondrako eta Aretxabaletako entrenatzaileei dagokienez ez da aldaketarik izango, Unai Calzonek eta Cristian Matiasek egindako lan onak jarraipena izango du –Arrasateko taldean berritasuna da Jorge Santiago dela kirol zuzendari berria–. Bergarako eta Oñatiko taldeetan, berriz, entrenatzaile berriak izango dituzte. Aloña Mendin Garikoitz Nuñez legazpiarrak hartuko du taldea entrenatzeko ardura, baina Nuñez ez da klubera iritsi berria, iaz bigarren taldeko entrenatzailea izan zen. Bergaran, ordea, aspaldiko partez, etxeko entrenatzaile baten aldeko apustua egingo dute, Iker Ruizek hartu du erronka berrirako ardura.

Denboraldiaurre ezohikoa

Bergarakoendako eta Oñatikoendako ezohiko hilabetea izan da hau, ezin izan dira-eta Agorrosinen eta Azkoagainen entrenatu –zelaiak berritzeko lanetan dabiltza–. Aretxabaletak ere berdegune berria estreinatuko du liga hasieran, baina Ibarrako lanak amaituta daude jada eta entrenamendu saioak normaltasunez egin dituzte. Oñatiarrek, berriz, Antzuolan dihardute denboraldi hau prestatzen, eta bergararrak Ipintzako zelaian dabiltza lanean. Hala, liga hasiera indartsua izango dute bailarako taldeek, lehen hiru jardunaldietan hiru derbi egongo dira-eta ikusgai. Lehenengo jardunaldian, Aretxabaletak eta Aloña Mendik neurtuko dituzte indarrak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak