Musikazale kuriosoenentzat bereziki erakargarria den kontzertu zikloa irailaren 2an –ostirala– hasi eta irailaren 11n bukatuko da, tarteko ostiral, zapatu eta domeketan panorama musikaleko lehen lerroaren atzean dauden taldeen proposamenak ezagutarazteko helburuarekin. "Asmo horrekin jaio baitzen Kulturate Akustikoa, ikus-entzulea harritzeko bokazioarekin", adierazi du Karmelo Alberdi Kultura teknikariak, eta gaineratu aurten "ohi baino bizkorrago" iritsiko direla hitzorduak, hain justu, irailaren 1a tokatzen delako hileko lehen ostirala.
Egitarau zabala
Hala, Amaia Miranda bakarlariak irekiko du aurtengo kartela. Musikari bilbotarrak entzuleak lasaitasun, edertasun eta sentikortasun unibertso batera eramateko gaitasuna du, hitz soilekin eta gitarra akustikoaren akordeetatik abiatuta. Estilo hori guztiz bat dator musika zikloaren filosofiarekin, izenak berak iradokitzen duen moduan, baina beste estilo batzuei ere ateak irekitzen dizkie egitarauak.
Zapatuko emanaldia da horren adibide, bateria eta saxofoi-doinuetara egingo baitu salto Kulturate Akustikoak, Dos bikotearen zuzenekoarekin. Sergio Rodriguezek eta Ibon Irijoak osatzen dute taldea, eta kaleratutako Super lehen EPak kritikaren aldetik onarpen handia izan du. Jaialdi sonatuetan jotzeko aukera izan dute; Donostiako Jazzaldiko eszenatokietan, esate baterako. Gainera, nazioartean ere egin dute euren bidetxoa, Kolonbiako Idartes aldizkariak eskaintza musikal berri hoberena bezala definitu izan baitu.
Domekan, ostera, Miren Narbaizak Mice-k bere bakarkako proiektua aurkeztuko du. Napoka Hiria, Perlak, Drumkopters eta Dual Split taldeetan ibili ostean, ibilbide propioa urratzen dihardu euskal musika eszenan talde esanguratsuetan jo izan duten musikarien laguntzarekin. Besteak beste, irailean kaleratuko duen Lautada laneko abestiak eskainiko ditu abeslariak. Bertako kantuak atmosfera ilun, distortsio eta erritmo ugaritako tempoz osatuta daude, Mice-ren ahotsari nabarmentzeko testuingurua eskainiz.
Datorren asteburuan beste hiru proposamen interesgarri egongo dira aukeran: diziplina anitzeko Ghau ikuskizuna, flamenkoa, popa eta doinu latinoak uztartzen dituen Maruja Limon eta rock, blues eta country klasikoan oinarritzen den Frank Blackfield. Esan bezala, irakurleari ezezagunak egin ahal zaizkio musika zikloko protagonista gehienak, baina, Alberdik gogora ekarri duen legez, "etorri izan dira aurretik ere momentuan ezagunak ez baina urteekin punta-puntako bihurtu diren artistak".
Emanaldi guztiak Kulturateko areto nagusian egingo dira, 20:00etan hasita.