Eguenean hasiko dira Garagartzako fibrozementuzko hodiak ordezkatzen

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko abu. 29a, 14:44

Garagartza auzoa.

Arrasateko Udalak irailaren 1ean, eguena, hasiko ditu Garagartza auzoko edateko uraren banaketa-sarea berritzeko lanak. Zanga-lan bat egingo dute, egun dagoen fibrozementuzko hodia kendu eta beste galdaketa-hodi bat jarriz. Fagor Etxetresna Elektrikoen lantegi zaharraren eta Kobateko harrobira sartzeko bidearen arteko zatian egingo dute obra.

Fibrozementua joan den mendean gehien erabili zen materialetako bat izan zen, "batez ere isolamenduekin zerikusia zuen lanetan", Udal Gobernuak adierazi duenez. Edozelan ere, amiantoa dute hodi horiek eta material kantzerigenotzat jotzen da. Hori dela eta, aldatu egingo dute hodia, Fagor Etxetresna Elektrikoen lantegi zaharraren eta Kobateko harrobira sartzeko bidearen artean (800 metro inguru).

Lan horiek bitarteko mekaniko arinekin egingo dituzte, eskuz induskatu beharko diren azken hamar zentimetroak izan ezik, "hausturarik gerta ez dadin".

Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak aitortu duenez, Arrasateko biztanleen osasuna zaintzea da esku-hartzearen helburua. "Inbertsio garrantzitsua da arlo ekonomikoari erreparatzen badiogu, baina bereziki arrasatearren ongizaterako eta osasun onerako da".

Bermeosolo S.A. enpresak egingo du obra, eta lau hilabete inguru beharko dituzte bukatzeko. 368.844,94 euroko aurrekontua du lanak (BEZ gabe). Halaber, Salaberria Ingeniaritza S.L.k zuzenduko du obra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak