Lorezainak, irailerako soldata duina lortzeko "esperantzaz"

Hasier Larrea 2022ko abu. 19a, 11:54

Lau aste daramatzate greban, "Arrasateko bizi mailara egokituko den KPI-a oinarrizko soldatan aplikatzea" aldarrikatzen. Abuztua amaitu aurretik lortu nahi dute akordioa udalarekin, iraileko pleguetan onartu ahal izateko.

Hamabi langile finko eta aldi baterako bizpahiru langile aritzen dira Arrasateko lorategi publikoak zaintzen. Prezero enpresako langileak dira berez, baina Udalarentzat egiten dute lan. Salatzen dutenez, Estatu mailako lan hitzarmena aplikatzen diete, eta horrek "prekarietatera" kondenatzen ditu: "Gaur egun, gure oinarrizko soldata gordina, kategoriaren arabera, 1.094 eta 1.236 euro artekoa da; lorezain laguntzaile batek 1.000 eurora nekez iristen den nomina jasotzen du".
 
Euren lanaren truke, "baldintza ekonomiko justuak" aldarrikatzen dituzte, "Udal honentzat lan egiten duten beste langile batzuenak bezalakoa". Esaterako, Enplegu Sustapeneko langileek 1.875 euroko soldata jasotzen dute, eta Gureak Berdeak taldekoek 1.201 eta 1.967 euro artekoa. Horrez gain, gehitu dute  "Udalak azpikontratatutako beste zerbitzu batzuek eurek baino baldintza ekonomiko hobeak" dituztela.
 
Alderaketen helburua ez ei da soldata horiek gutxiestea, euren egoeraren testuingurua azaltzea baizik: "Guk egiten dugunak gutxiago balio al du? Zergatik soldata arrakala hau? Justua al da?".
 

Egoera hobetu arte, greban

Bi aldeekin, Prezero enpresarekin eta Arrasateko Udalarekin, harremanak izan zituzten uztaila bukaera eta abuztua hasiera artean. Lorezainen arabera, enpresak erantzukizuna udalaren gain utzi du, eta datozen egunotan espero dute akordio batera heldu ahal izatea. Bestela, greban jarraituko dute: "Ez dugu onartuko bi aldeen onurak gure prekarietate ekonomikoaren kontura izaterik".
 
Datorren astean ere kontzentrazioa egingo dute egunero Portaloian, 11:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak