Bilgarri eta Enbalajearen Berrikuntza Klusterrak antolatu du Bilgarri eta Enbalajearen Diseinu eta Jasangarritasun Sari Nazionalen XIII. edizioa. Ubesol, Solan de Cabas, Trolli, Grupo la Plana eta J2 Servid enpresek proposatu dizkiete euren erronkak ikasleei.
Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko Oxel Pereda, Jon Zamakola eta Danel Cid ikasleen Solan Eco Can proiektuak lortu du sarietako bat. Solan de Cabrasen baldintzak kontuan hartuta sortu dute euren edukiontzia. Ur enpresa horrek edukiera handiko formatu jasangarria bilatzen zuen etxeko ur-kontsumoari begira, bilgarri eta plastikoen erabilera murrizteko. Horregatik, eskatzen zuena zen zortzi eta hamabi litro bitarteko bilgarria %100 birziklagarria izatea, etxean metatzeko eta hozkailuan gordetzeko modukoa izatea, eta bertatik edalontzira zuzenean zerbitzatu ahal izatea. Horrekin batera, markaren identitatea islatu behar zuen lanak.
Solan Eco Can proiektuak betekizunak bete ditu. Jasangarritasuna ematen dion landare-polimero bat da edukiontzia, kanpoan zur-pulpaz egindako geruza batez indartuta. Forma errektangularra du, hortaz, hainbat posiziotan jar daiteke hozkailuan. Leku-aldatzeko bi heldu leku ditu albo banatan. Gainera, iturria du ura, zuzenean, edalontzi batera botatzeko.