ELAk salaketa bat erregistratu du Ikuskaritza Sailean Aita Menniri "langile falta" egotzita

Mirari Altube Arrese 2022ko uzt. 29a, 07:26
Aurtengo uztailean langileek egindako elkarretaratze bat. (Argazkia: ELA)

Aita Menniko "langile falta eta lanpostuak ez betetzea" salatzeko jarri duela salaketa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ikuskaritza Sailean adierazi du ELAk eta gaineratu presioa egiten jarraituko dutela "gatazka konpon dadin". Horregatik, irailaren 19tik 23ra bitartean greba astea deituko dute.

Ospitaleko egunerokoa "gero eta jasangaitzagoa" dela adierazi du enpresa batzordeak ohar bidez, eta horrek "zuzenean eragiten diela zerbitzuaren kalitateari eta pazienteei". Gaineratu dute, ospitalearen "egiturazko arazoak areagotu" egin zirela pandemiaren ondoren eta oraindik ez direla konpondu: "Horregatik, enpresa batzordeko kideok Aita Mennik kudeatzen dituen zentroetan, langile faltari buruz egon daitezkeen datuak jaso ditugu: bete ez diren postu guztiak, non ez diren bete, zein datatan eta abar". Eta hori guztia salaketa eran erregistratu dute Aldundian.

Lan baldintzak hobetzeko prestutasunik ez duela erakutsi enpresak gaineratu dute, uztailaren 13ko azken negoziazioa horren adibide dela gaineratuz: "Saltzen dute beraiek direla negoziazioa bultzatu nahi dutenak, baina ezer berririk proposatzen ez dutela ikusten dugu. Gainera, Preco-ko profesionalak berak berretsi zuen guk esandako guztia". Zerbitzuaren eta langileen kalitatearen aurretik haien irabazi ekonomikoak lehenesten dituztela ere adierazi dute oharrean.

"Presioa areagotu"

ELAk dagoeneko bi salaketa jarri dituela ikuskapenean jakinarazi dute, eta presioa egiten jarraitzeko asmoa agertu. Langileei ere argi utzi gura izan diete Aldundia eta enpresa presionatzeko borrokan jarraitu beharko dutela, "mobilizazioak areagotuz". Horregatik hain zuzen ere greba astea deituko dute berriro irailaren 19tik 23ra bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak