Arrasate Blues, bikain: "Inork ez luke jaialdi hau galdu behar"

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko uzt. 22a, 14:08

Swingtronic taldekoak.

Aurreko asteburuan jaialdian parte hartutako taldeek goraipatu egin dituzte antolakuntza eta sortutako giroa.

Mezu pribatuak dira –publikoren bat ere bai, sare sozialetakoa–, Arrasate Bluesen antolakuntzak –Ibai-arteri dagokionak, kasu honetan; Udalarekin batera antolatzen dute– jaialdian parte hartu zuten musikari eta taldeen aldetik jasotakoak, baina aireratzea –pasarte batzuk, behintzat– merezi du, hain dira-eta aurreko asteburuan herrian bizi izandakoaren adierazgarri.

"Eskerrik asko kultura eta herri bateko ekonomia sustatzeagatik. Zuena bezalako ekimenak dira herriak eta bizilagunak lotzen dituztenak"; edo: "Giro aparta, jendearen harrera eta ematen diguzuen kariñoa dira jaialdia hain berezi egiten dutenak. Guk edonon jotzen dugu, baina gustuz eta zoriontsu jotzen dugu maite eta zaintzen gaituzten lekuan. (...) Inork ez luke jaialdi hau galdu behar"; eta: "Plazer ikaragarria izan da. (...) Hurrengo edizioetan ere parte hartu ahal izatea espero dut"; eta beste hau: "Ohore izugarria izan da hainbesteko mimo eta kariñoz egiten duzuen jaialdi honetako parte izatea; onena opa dizuet, etorkizun oparoa!"; eta azken adibide bat: "Arrasaten badute, antza, gauzak ondo nola egiten diren jakiteko eskuliburua, ikaragarria da-eta dena ze ondo joan den. (...) Jende ikaragarria zarete. (...) Eskerrik asko, Arrasate Blues, gonbidatzeagatik; izugarrizko atsegina izan da". Mezu asko, taldeak ere makinatxo bat izan direlako, eta hitz onak ozen antolakuntzarentzat. Musikarien asebetetze mailaren adinakoa izango zen emanaldietara entzule gisa joandako herritarrena, seguru.

Ibai-artekoak "oso pozik"

Laudorio horiek jasota, eta asteburuan herrian bizi izandakoa bizi izanda, oso pozik, nola bestela, Ibai-arteren partetik jaialdiaren antolakuntzan jardundako Jon Apraiz: "Balorazioa oso positiboa da. Gauza pila bat genituen aurten kontra –egin duen muturreko beroa, eta beste ekintza batzuk ere bazeudela antolatuta: Zaldibarko txapelketa, Santa Marinako jaiak, Makatzenan kontzertu bat...–, eta, hala ere, izugarrizko giroa sortu da ia kontzertu guztietan. Egueneko kontzertuetan jende gutxiago ibili zen, baina ostiral arratsaldean eta gauean, eta baita zapatuan ere, jende pila bat egon zen, eta bukaerako jaia monumentala izan zen, eta osooso pozik. Musikarien partetik jaso dugun feedbacka oso ona izan da, oso pozik geratu dira, tabernak ere oso gustura; Arrasate eta Santa Ana hotelak beteta egon dira, eta Mondragon hotela ere nahikoa beteta egon da. Hango blues-bazkarian ere 80 lagun baino gehiago batu ginen. Zaldibarko txapelketan talde bat sartu genuen eta euren antolakuntza oso pozik zegoen sortu zen giroagatik... Oso balantze positiboa egiten dugu, jende asko eta leku askotan ibili delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak