Barsanti, Lasala eta Ertza, Udazabal ixteko

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko uzt. 22a, 17:59
Ertzaren 'Dye Dye' ikuskizuna.

Orain artekoaren balorazio baikorra egin du Karmelo Alberdi Kultura teknikariak, bai emanaldien mailari eta bai jendearen erantzunari dagokionez –"dena oso ondo joan da"–, eta programa amaitzeko falta diren saioetara gonbidatu ditu herritarrak.

Bihar, zapatua, 20:00etan, Lasala eta Ertza konpainien lanak ikusteko aukera izango da Zaldibarren: Alive eta Dye Dye, hurrenez hurren. Dantza garaikidea eta beste arte diziplina batzuk ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Judith Argomaniz donostiarraren konpainia da Lasala. Duela hamar urte jaio zenetik sortutako hainbat lan saritu dituzte bertan zein nazioartean. Argomanizek berak Gipuzkoako Dantzako Profesionalen Elkartearen Errebelazio Saria jaso zuen 2017an, "koreografia eta interpretazio mailagatik eta etorkizun handia izateagatik".

Alive lanak "mugak gainditzeaz" dihardu: "Ezarritakoarekin hausteaz, emakume baten aukera askatasunaz –oinordetzan jasotakoaren eta ikasitakoaren pisua pisu–, norberak aukeratutako bizitza –desio duena– bizitzeaz, edozein dela ere".

Hainbat sari ditu, etxean eta kanpoan, 2004. urtean Asier Zabaleta ezkioarrak sortutako Ertza konpainiak ere; Gipuzkoako Dantzako Profesionalen Elkartearen Ibilbide Artistikoari Saria (2015) eta Kaleko Ikuskizun Onenari Max saria (2018) daude tartean. Dantza garaikidea eta beste arte diziplina batzuk uztartzen dituzten ikuskizunekin "gizakiaren eta gizartearen kontraesanen inguruan galderak" plazaratzen ditu Ertzak. Idoia Rodriguez Gonzalez de Langarika eta Rafael Arenas dira Dye Dye laneko interpreteak.

Akabo! izeneko obra eskainiko du, azkenik, Barsanti konpainiak hurrengo egubakoitzean –20:00etan, Seber Altuben–. Kaleko ikuskizunak egiteko sortu zuten konpainia Juanjo Oterok, Aritza Rodriguezek eta Pako Revueltasek –sariak eta izendapenak dituzte, bakoitzak bere aldetik, Max sarietan, esaterako–.

Akabo! lana hasi eta gutxira bizilagun bat agertuko da aldameneko eraikinetik bere burua botatzeko asmoz. Egoera hark sorraraziko dituen zalantzen bidez, suizidioa izango da taldeak jorratuko duen gaia.

Karmelo Alberdik falta diren saioetara gonbidatu ditu herritarrak: "Lasala ospe oso handia hartzen ari da dantza arloan, eta Alive oso potentea da. Ertzarenak ere dantza urbanoko elementuak ditu, eta ikuskizunari indar handia ematen diote. Barsanti hirugarren aldiz dator Arrasatera: aurreko bi lanekin jendea oso gustura geratu zen, eta antzera izatea espero dugu. Drama eta komedia uztartzen dituen lana da Akabo!".

Kulturate Akustikoa

Irailean, berriz, Kulturate Akustikoaren txanda izango da. Amaia Miranda, Dos, Mice, Ghau, Maruja Limon eta Frank Blackfield ariko dira lehen bi asteburuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak