Maite Agirre: "Eskerrak eman nahi dizkiet bezero guztiei"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 22a, 10:30

Maite Agirre, Amagara estetika zentroaren parean, Erdiko kaleko 54. zenbakian. (Argazkia: I.A.A.)

Erretiroa hartzeko ordua heldu zaio Amagarako Maite Agirreri, eta uztailaren 29an irekiko ditu zentroko ateak azken aldiz; ilusioz eta gustura dago etapa berria hasteko.

Urte askotako esperientzia du Maite Agirrek estetika munduan. Zerkaosteta kalean zegoen Eslu ile-apaindegian estetika zerbitzua eskaini zuen hamar urte baino gehiagoz, baina 1991ko urriaren 10ean zabaldu zuen Amagara estetika zentroa. Ordutik, aurpegi nahiz gorputzeko tratamenduak, depilazioa eta solarium zerbitzua eskaini dizkie arrasatearrei. Orain, uztailaren 29an, erretiroa hartuko du Agirrek, eta, horrekin batera, ateak itxiko ditu zentroak.

Datorren egubakoitzean jubilatuko zara. Nola sentitzen zara?

Burua gainezka daukat. Fronte asko ditut zabalik, baina gustura eta ilusioz nago. Gogo handia dut amaitu, etapa berri bat hasi eta horretaz gozatzeko.

Etapa berriaz hitz egin duzu. Zer dator orain?

Ziurrenik, denbora libreaz gozatzeko unea izango da, orain arte ez baitut askorik izan. Bestetik, lana dela-eta egin ezin izan ditudan ekintzetan zentratuko naiz; esaterako, kirolean eta zaletasunetan. Baina, batez ere, familiarekin egongo naiz. Bi alaba eta bi biloba ditut Bartzelonan, eta familia-etapa horretaz disfrutatu nahi dut.

Zer da lanean gehien egitea gustatu zaizuna?

Aurpegiko tratamenduak. Bezero asko fidelak direnez, urtero egin dituzte tratamenduak eta emaitzak ikusten dituzte. Gainera, euren poztasuna ikusten duzu. Bakoitzaren genetika ezberdina da, baina, eskainitako zainketari eta aholkuei esker, erantzun oso onak jaso ditut.

Urte hauetan denetik bizi izan duzu.

Urte onak bai, baina gogorrak ere pasa ditugu: 2008ko krisi ekonomiko eta finantzarioa, Fagorren erorketak herrian eragindako krisia, eta azken bi urteetan pandemia. Garai zailak izan dira; emozionalki guztiontzat gogorrak eta lan arloan ziurgabetasunez beteak. Zorionez, aurrera egin dugu eta duela gutxi bezero batek esan zidan bezala, "gutxienez, agenda betea daukan negozio bat izateaz harro".

Zerbait faltan botatzekotan, zein izango da?

Bezeroekin sortutako harreman hori. Hala ere, espero dut harremana mantentzen jarraitzea, oso harreman estuak bihurtu baitira asko.

Nola aldatu da estetikaren sektorea urte hauetan guztietan?

Ia dena idatzirik dago. Baliteke lehen, norbera une jakin batzuetan zaintzea soilik, adibidez, ospakizun bat zeukanean. Orain, hori aldatu egin da eta jendeak badauka ohitura zainketa horri jarraipena emateko. Aurrerapen asko egon dira. Depilazioan, esaterako, laser depilazioa asko igo da. Makillaje eta manikura sektorea ere asko aldatu da.

Edertasunari garrantzi handiagoa ematen zaio orain?

Lehen, agian, zainketak noizbehinka egiten ziren; orokorrean, momentu berezietan. Gaur egun, kontzeptua aldatu egin da, iruditzen baitzait hobeto sentitzeko eta zaintzeko egiten direla.

Nola ikusten duzu saltoki txikien egoera?

Uste dut ondo lan egin daitekeen sektorea dela, baina egia da oso sakrifikatua dela. Korrontearen kontra egiten da lan eta gainontzekoak libre daudenean, lan gehiago egitea tokatzen zaizu. Gainera, orduak luzatzen badira, konplikatua da lana eta bizitza pertsonala uztartzea. Benetan gustatu behar zaizu egiten duzuna, eta askok ordutegiari eta egutegiari erreparatzen diote. Zerbitzuen sektorean zaila da hori.

Nola agurtu nahi dituzu herritarrak?

Eskerrak eman nahi dizkiet, bihotzez, oso urte ederrak izan direlako bai profesionalki, baita pertsonalki ere. Bezero asko pasatu dira urte hauetan, guztiak apartak, eta asko eta asko lagunak dira jada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak