Mondrak 209.000 euroko aurrekontuarekin, eta harrobira begira, ekingo dio denboraldi berriari

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 19a, 15:40
Mondrak ekainean egin zuen jokalari onenen arteko sari banaketa ekitaldiko irudia. Argazkia: Ricardo Santa Cristina / @mondragonCF

Joan den astean egin zuen Mondrak urteko batzar nagusia, eta pandemiak ekonomikoki gerria estutzea ekarri badu ere klubak ondo gainditu du erronka, galera barik. Datorren urterako, berriz, 209.000 eurotako aurrekontua izango du klub zuri-moreak.

Erabateko adostasunarekin onartu zuten bazkideek iazko urteko balantzea, eta behin pandemia gaindituta, normaltasunera itzultzeko aurrekontua aurkeztu zuen zuzendaritza taldeak hilaren 14an egindako batzar orokorrean: "181.000 eurotako aurrekontua izan genuen iaz, eta badirudi aurtengorako aldea asko handitu dugula. Baina ez da hala, kontua da iazko aurrekontua oso baldintzatuta egon zela pandemiagatik", adierazi du klubeko presidente Xabi Etxeberriak. Hala, iaz bazkideei ez zitzaien urteko kuota kobratu –urtebete lehenago kobratu zitzaien, eta gero bazkideek ezin izan zuten futbol zelaira joan– eta aurten, ordea, hor ere kluba normaltasunera itzuliko da. 

Kirol arloan balantze positiboa

Kirol arloan zuzendaritzak talde nagusiari dagokionez balantze prositiboa egin zuen, aldaketa askoko urtean, eta ia %100ean etxeko jokalariekin jokatuta, taldea liga amaierara arte aurreko postuen borrokan ibili zelako: "Xabi Olano eta Josu Durana ziren Arrasatekoak ez ziren jokalari bakarrak, eta harrobitik egin genuen tira. Eta hala ere, aldaketa handiko urtean taldeak denboraldi ona egin zuela uste dugu". Egia da, baita ere, den-dena ez dela positiboa izan: "Pena izan da ohorezko kadeteek maila galdu izana. Horregatik, kirol zuzendaritzan aldaketak egin ditugula aprobetxatuta –Jorge Santiago izango da klubeko kirol zuzendari berria– asmoa da harrobian fokua nabarmenago jartzea. Gauzak hobetu nahi ditugu eta beste batzuek lan zelan egiten duten ere ikusiko dugu. Helburua da alebin, infantil, kadete... kategoria txikietan lana gehiago zorroztea, gauzak hobeto egitea". 

Talde nagusiak denboraldiaurrea prestatzen hasita daude dagoeneko: "Eta gazte mailako jokalariak izan diren batzuk ere eurekin dabiltza entrenatzen. Hor ikusiko dute teknikoek nor dagoen goiko taldera igotzeko moduan. Baliteke aurrerago jokalariren bat kanpotik taldera ekartzea, atezainen bat akaso, baina oraingoz harrobiko jokalariek izango dute gora igotzeko aukera". Hala, Cristian Matiasek eta Iker Lopezek jarraituko dute entrenatzaile eta bigarren entrenatzaile lanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak