Txakolin freskoa izan da izarra, gaur, Arrasateko azokan

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko uzt. 16a, 14:38

Bero olatu handiari aurre egiteko bertako txakolina eskaini dute Seber Altube plazan Oñatiko Murgialdai eta Belaskua zein Arrasateko Kataide txakolindegiek. Azoka egun berezia izan da; ohikoa baino jende gutxiago ibili da baina bi ekoizle berri ere bertaratu dira; hestebeteak egiten dituen Arabako Mendiolako ekoizlea eta teak eta infusioak ekarri dituen Zeanuriko ekoizlea.

Uztaileko azoka berezia izan ohi da uda sasoi betean egiten delako eta aurtengoari bero olatu handia gehitu zaio. Hala, ohikoa baino jende gutxiago bertaratu da. Erosketa ohiturei dagokienean bi bezero mota daudela nabarmendu da; goizeko lehen orduan etorri eta erosketak egiten dituztenak, eta eguerdi aldera itxarotea nahiago dutenak. Kasu bietan topatu dituzte ohiko ekoizleak, eta horrekin batera eskualdeko hiru txakolindegi; izan ere, Txakolin Eguna egin dute uztaileko azokan Arrasaten.

Freskoa edan behar da txakolina eta gaur izan den beroarekin ederto sartzen zen. Hotz mantendu dute ekoizleek eta pintxo bereziak ere eskaini dituzte. "Azoka hau polita izaten da aukera ematen duelako, besteak beste, bertako txakolina ezagutzeko", azpimarratu du Arrasateko Udaleko Toki Garapeneko teknikari Nerea Lazpiurrek. "Pintxoak ere banatu ditugu; bertako produktuekin egindakoak. Hain zuzen ere, Etxezuri, Mendibitzu eta Arangureneko gaztak –urdina, ahuntz gazta eta ardi gazta– eta Cuca Garabila kontserba produktorearen produktuekin egindako gildak". Harrera ona izan dute pintxoek ere.

Hemezortzi ekoizle azokan

Gainerakoan, hemezortzi ekoizlek osatu dute azoka, horien artean hiru txakolindegiak. Ohiko produktuak izan dira bertan; ogiak, opilak, eztia, txorizoak, landareak, eskulanak... "Pare bat ekoizlek kale egin dute; ez dakigu zergatik", esan du Lazpiurrek. Beroak izango zuen hemen ere bere eragina.

 

Ekoizle horien artean bi izan dira berriak; hestebeteak egiten dituen Arabako Mendiolako ekoizlea eta teak eta infusioak ekarri dituen Zeanuriko ekoizlea.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak