Helburuak
Investors ekimenaren helburuak asko dira; hala nola, inbertitzaileek eta ekintzaileek inbertsio-erronda nola egiten den ikastea; interesekoak diren proiektuei zein ekintzaileei hasieratik jarraipena egin ahal izateko bailaran dauden ekintzailetza proiektuak zeintzuk diren ezagutaraztea; inbertsioa behar dutenek inguruan dauden enpresa edo pertsona pribatuengana heltzeko erakusleihoa sortzea; ekintzailetzaz gain, inbertsio kultura, zero kilometrokoa, bultzatzea; eta ekintzaileek lehen urratsetan behar duten inbertsio bultzada lortzeko tresna sortzen joatea, alegia. "Betidanik esan dugu ekintzailetza Debagoieneko ezaugarrietako bat dela eta aspaldi daramagu sustatzen eta bultzatzen, etorkizunera begira beharrezkoa izango denaren sinesmenez".
Baina ekintzailetza aurrera eramateko dagoen oztopoetako bat inbertsio beharra dela aitortu dute. "Inbertsioa ekintzaileentzat gizakiarendako arnasa hartzearen parekoa litzateke. Oxigenorik gabe ez dago bizitzarik eta inbertsiorik gabe ez da ekintzailetzarik garatzen".
Urtarrilean, D-EKIN izenpean, bailarako zortzi eragile elkartu ziren –PTGaraia, MGep, MU Enpresagintza, Mondragon Centro de Promocion, Isea, Saiolan, Galbaian eta Gaztenpresa–, ekintzailetzaren beharrei erantzun berriak emateko. Era berean, zehaztu dute, D-EKIN Estatuko Parke Teknologikoek eta ENISA (Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa) eragileak babestutako programaren baitan hasitako ekimena dela. "Programaren barruan lau proiektu inkubatu dira, eta beste lau start-up-ek urte bukaera arte azelerazio prozesu bat jarraituko dute. "Bitartean, zazpi pertsonari Business Angel formakuntza eman diegu, pixkanaka tokiko inbertitzaile-sare bat osatzen joateko". Orain, inbertitzaile-sarea eta Garaia Investors ekimena sendotzen joatea dute xede interesa dutenak batuz eta saretuz, kultura hazten laguntzeko. "Debagoienean lortutako etekinen zati bat bertan jaiotzen diren ekimen berrietan inbertitzea, eta, horrela, jasotako uztaren zati bat jatorrira bueltatzea eta gizarteak berreskuratzea nahi dugu. Hala, inbertitzeko, ezagutzeko zein ikasteko irrika dutenei gonbidapena egiten diegu PTGaraiarekin harremanetan jar daitezen".