Jokin Mujika: "Mondraren inguruko guztia igarriko dut faltan"

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 15a, 18:00

Jokin Mujika, Zaldibarko 24 orduko txapelketako beste edizio baten. Argazkia: Markel Bazanbide.

Azken bederatzi urteak Mondrako elastikoa defendatzen ibili eta gero, Mondrako kapitain ohia Zaldibarko 24 orduko txapelketa antolatzeko laguntzen dabil. Bihar, zapatua, goizean hasiko dute torneoa; bero itogarria musika emanaldiekin freskatuko dute.

Jokin Mujikak (Arrasate, 1993) ez du Mondraren kapitaina dela adierazten duen besokoa gehiago jantziko. Maiatzaren 21ean jokatu zuen etxeko taldearekin azken partidua, eta taldekideek egindako agurrean majo hunkitu zen –baita delegatu izateari utzi dion Jesus Mari Iregi ere– . Arrasatekoa ez da, baina, geldirik egoten den horietakoa; asteburuan buru-belarri ibiliko da Zaldibarko 24 orduko txapelketa antolatzen laguntzen. Aitzakia ona, klub zuri-morean egindako ibilbideaz, agurraz eta oraingo asteburuan datorrenaz berba egiteko.

Ez nekien Mondran beharrean UDAn hasi zenuela futbol ibilbidea...

Bai, halaxe da. Gaztetan Almenen egin nituen ikasketak, eta horrek izango zuen eragina, edo han aurkitu nuela lekua lehenengo. Gero pasa nintzen Mondrara, talde nagusira salto egin nuenean, eta bederatzi urte egin ditut klub zuri-morean.

Klub zuri-morea kategoria galdu berritan zegoen orduan.

UDA ohorezko erregionalean zegoen, eta Mondra erregional preferentera jaitsi berri. Arrasateko taldean aldaketak nahi zituzten, haize freskoa, eta jokalari gazteen aldeko apustua egin zuten. Hainbat lagun joan ginen UDAtik Mondrara: Andoni Uribesalgo, Xabi Arrizabalaga, Igor Eskibel, Aitor Etxeberria... UDAn bigarren entrenatzaile zeuden Gotzon Urzelai eta Jon Iregi ere Mondrara etorri ziren gurekin batera. Ez naiz pauso hura eman izanaz inoiz damutu.

Zer aurkitu zenuen orduan Mondran?

Niretako erreferente ziren jokalariekin egin nuen topo, eta gaur egun oraindik ere klubean daudenak: Iker Lopez, Ander Ruiz de Azua... Niretako sekulakoa zen eurekin jokatzea, eta gogoan daukat zelan hartu gintuzten, talde polita egin genuen. Gainera, azken urte honetan entrenatzaile izan ditut bi horiek, eta ederra izan da ostera ere futbolaren bueltan eurekin elkartzea.

Agur-partiduan hunkitu egin zinen...

Bai, asko. Halakoetan barruak mugitu egiten dira, horrenbeste ematen dizun zerbait alboratzen ari zarelako, eta oroitzapen asko etortzen dira. Pena ere sentitu nuen. Oraindik ez naiz kontziente zer ekarriko duen futbola uzteak. Eta ez berdeguneko jokoagatik bakarrik, baita beste gauza askorengatik ere. Hain zuzen, futbola utzi dutenekin berba egin dudanean garbi ikusi dut, futbolerako gosea edo har hori barruan geratzen da. Aurrerago konturatuko naiz horretaz.

Oraindik beste pare bat urtez jokatzeko moduan zaude, baina.

Bai, badakit, baina erabakiak hartu egin behar dira eta orain da momentua. Beste gauza batzuei eman nahi diet lehentasuna, fisikoki ez dut aparteko arazorik izan, ezta lesiorik ere, baina iazko denboralditik konturatuta nengoen buruan bueltaka zebilen ideia zela futbola uztearena, nekatzen hasita nengoela-edo, eta momentua iritsi da. Hobe da orain uztea, eta ez beste denboraldi bat egiteko erabakia hartu eta komeni dena baino gehiago luzatzea.

Urte hauetan bizi izandakotik, zerekin geratzen zara?

Futbol zelaian denetariko momentuak izan ditugu, mailaz igotzea lortu genuen, denboraldi makalagoak ere egon izan dira... Baina Mondraren bueltan dabilen jendeaz geratzen naiz, familia horrekin. Eta baita askorendako Mondrak esan nahi duen horrekin ere.

Aurrerantzean, harmailetan zale bat gehiago, hortaz?

Ez izan zalantzarik. Ahal dugun guztietan joango gara Mojategira, taldekide izandakoak gertutik jarraitzera.

Zaldibarren hamasei talde izango dira

Zapatu goizean hasiko dute Zaldibarko 24 orduko txapelketa, eta aurreko edizioan baino hiru talde gehiago izango dira aurten: "Anaiaren kuadrillakoek errekuperatu zuten torneo hau duela urte batzuk, eta aurtengo edizioa antolatzen laguntzeko hainbat lagun animatu gara. Hala, kopuru oso polita da eta gustura geratu gara. Asmoa da zapatuan goizean hastea txapelketa, eta finalak goizaldeko hirurak aldera izango dira".

Beroari aurre egin behar

Asteburuan bero egingo du: "Baina okerragoa izango litzateke euria egitea, horrek ematen zigun beldurra. Egunean zehar indarrak neurtu egin beharko dira, baina iluntzetik aurrera freskotasun handiagoa egongo da".

Areto futbol txapelketa girotzeko kontzertuak ere egongo dira Zaldibarren. "Arrasate Blues ekimenaren baitan, Chris Bell eta Emilio Arsuaga izango dira Zaldibarren, eta, horrez gain, Arrasateko Tabu eta Etxepe taldeek ere emanaldia egingo dute".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak