Udalak ia 3.500 euro bideratu ditu hainbat udalekutara

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko uzt. 13a, 10:18

Txatxilipurdiren udaleku irekiak, Sebe Altube plazan.

Irabazi asmorik gabeko tokiko elkarteek antolatutako udalekuetan Arrasateko haurren parte-hartzea sustatzeko deialdian 26 eskaera jaso ditu Udalak eta Dokek, Txatxilipurdik, Mondrak eta Mondratek antolatutakoek jasoko dute laguntza: 3.423,70 euro guztira.

Kopuru hori dirulaguntza kuotaren %90 dela azaldu du Udal Gobernuak, eta gehienez 200 euro eman dituela haur bakoitzeko. "Gainerako %10 familiak ordaintzen du. Udalak zuzenean ordaindu dizkie udalekuak antolatzen dituzten tokiko elkarteei emandako dirulaguntzak".

Laguntza jasotzeko, familien urteko diru-sarrera gordinek ezin zituzten zenbateko hauek gainditu: bi pertsonako bizikidetza-unitateak, 20.000 euro; hiru pertsonako bizikidetza-unitateak, 26.000 euro, eta lau pertsona edo gehiagoko bizikidetza-unitateak, 30.000 euro. Horren arabera bideratu ditu laguntzak Gobernuak.

Maitane Muñoz Garapen Komunitarioko zinegotziak adierazi duenez, helburua izan da haur bat ere ez geratzea udalekuetara joateko aukerarik gabe. "Aisialdi, kultura eta kirol eskaintza hau hezkuntza ez-formalaren esparruan kokatzen da eta haur askorentzat onuragarria izan daiteke, bere garapen integralean eragin positiboa izan dezakeelako". Gaineratu du udalekuetan ikasi eta ondo pasatzeaz gain, pertsonen arteko harremanak sustatzen direla eta balio asko lantzen direla. "Oporretan, udalekuek aukera ematen diete haur askori euskaraz bizitzen jarraitzeko, eta eragina izan dezakete euskaraz integratzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak