Johanna Sanchez Udaleko Berdintasun zinegotzi sozialistak izenpetutako ohar bidez, Arrasateko PSE-EEk 2022ko Sanjuan jaietako eraso sexisten inguruko balorazioa egin du. Aitortu dute jaiak hasi aurretik "kezka handia" zutela, Euskal Autonomi Erkidegoko beste herri batzuetako "oso gertakari larriengatik". Datuz berretsi nahi izan dute zuten ezinegona: "Fiskaltzak argitaratutako datuen arabera, emakumeen aurkako sexu-erasoak %25 igo dira Gipuzkoan, eta hazkundea ia %40koa izan da Euskadin 2022ko lehen hiruhilekoan".
Hala, udaltzaingoak sexu-erasoengatik salaketarik egon ez dela jakinaraztea "oso albiste ona" dela iritzi dute. Eraso sexisten aurrean erabilgarri zegoen telefono bidezko 24 orduko arreta-zerbitzuan deirik jaso ez zutela gaineratu dute, eta "Sanjuanetan izandako jokabideak gizalegezkoak eta errespetuzkoak" izan dira sozialisten hitzetan. Bide horretan, Mugimendu Feminista zein Txosna Batzordea eskertu nahi izan dute, "udal-baliabideak antolatzeko" zein Sanjuanak indarkeria sexistarik gabeko jaiak izan daitezen "ezinbestekoak" diren bi kolektiboei.
Gaitzespena
Arrasateko sozialistek Eskoriatzako Sanpedroetako lehen egunean izandako eraso sexista gaitzetsi nahi izan dute ohar berean.