Arrasateko EH Bilduk bat egin du Harrotasun Egunarekin

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 28a, 10:04

Batetik, arrasatearrei dei egin diete, gaur, martitzena, Morbor kolektiboak Erasoekin eroso? Hartu dagokizun ardura lelopean deitutako elkarretaratzean parte hartzera (Herriko Plazan, 19:30ean). Bestetik, "beharrezko" jotzen dute Arrasateko Udalean LGBT+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egin eta horretan oinarritutako ekintza plan integral bat abiatzea, herriko LGBT+ mugimenduko kideekin elkarlanean.

"Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek zis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzten honetan, ekainaren 28 honetako Harrotasun Eguna dela eta, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea", adierazi du Arrasateko EH Bilduk, komunikatu batean. "Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago".

Komunikatuan nabarmendu dutenez, eraso LGBT+fobikoen datuak gora doaz. "Halaber, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz pertsona askoren bizitzak arriskuan daude".

Horren aurrean, antolatzea eta borrokatzea "ezinbestekoa" dela uste du koalizioak. Era horretan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak eta abar ezartzea funtsezkoa dela gaineratu du. "Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia dugu".

Horretarako, Arrasateko Udalean LGBT+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egin eta horretan oinarritutako ekintza plan integral bat abiatzeko beharra ikusten du EH Bilduk, "herriko LGBT+ mugimenduko kideekin elkarlanean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak