Josu Tornay arrasatearra, xakeko beteranoen Euskal Herriko txapeldunorde

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 28a, 09:27

Iaz hirugarren postuan sailkatu ondoren, aurten Josu Tornayk beteranoen Euskal Herriko Xake Txapelketan txapeldunorde izatea lortu du. Sailkapenean Gerardo Fernandezekin berdindu arren, arrasatearra bigarren sailkatu zen, partidak puntu gutxiago zituzten jokalarien aurka irabazi zituelako.

Asteburu honetan, Josu Tornay arrasatearra beteranoen Euskal Herriko Xake Txapelketan txapeldunordea izan da. Proban berrogeita hamar urtez goranzko beteranoek parte hartu zuten. Ekainaren 25ean eta 26an Zarautz Kirol Elkartean jokatutako txapelketan lurralde bakoitzeko hiru sailkatuek, iazko txapeldunak eta Euskal Federazioak gonbidatutako bi jokalarik parte hartu zuten.

Faborito nagusiak Gerardo Fernandez bilbotarra eta Donostian bizi den Thomas Franke alemana ziren, biak nazioarteko Elo sailkapenean 2100 eta 2200. postuen artean daude eta. Josu Tornay arrasatearra torneoko 14 sailkatuen artean bosgarrena zen hasierako rankingean. Lehen lau txandak jarraian irabazi zituen; besteak beste, torneoko bi faboritori gailenduta: Franke –bigarren txandan– eta Fernandez –laugarren txandan–. Bi partida besterik falta ez zela, Hondarribia-Marlaxkako jokalari arrasatearra torneoko liderra zen eta aukera asko zituen txapela janzteko. Bosgarren txandan, hala ere, denborak presionatuta, akats larri bat egin zuen Tornayk eta Fran Ladron de Guevara arabarraren kontra galdu egin zuen.

Gauzak horrela, azken txandaren aurretik, hiru liderrak Gerardo Fernandez, Fran Ladron de Guevara eta Josu Tornay ziren, bakoitzak 4 puntu zituela. Ladron de Guevarak eta Fernandezek aurrez aurre jokatu behar izan zuten eta Tornayk, berriz, Joxe Agustin Fernandez Etxaburu nafarraren kontra. Tornayk eta Fernandezek euren partidak irabazi zituzten eta 5 punturekin lehen postuan geratu ziren. Berdinketa hausteko sistemak, bakoitzaren aurkarien puntuak kontuan hartuta, gutxigatik Gerardo Fernandezi eman zion txapela, nahiz eta Tornayren eta Fernandezen arteko norgehiagokan garaipena arrasatearrak lortu.

Josu Tornay arrasatearra iaz hasi zen beteranoen kategorian –50 urtetik gorakoak–, eta hirugarren postua lortu zuen Elgoibarren. Aurten, postu hori hobetu egin du eta txapeldunordea izan da. Urrian Alacanten jokatuko den Espainiako Txapelketarako txartela lortu du arrasatearrak, iaz bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak