Aurtengo Euskaraldia hirugarrena izango da eta erronka nagusietako bat da Euskaraldiarekin orain arte lortu dena ikusaraztea. "Indar berezia" eman gura diote horri. Ildo horretan, Euskaraldiaren lorpenen kalejira egingo dute ekainaren 30ean, eguena. Horrekin lortu gura dutena da norbanakoek eta entitateek orain arte eman dituzten aurrerapausoak ikusaraztea. "Lorpen txikienak ere balio du; are gehiago, horiek dira garrantzitsuenak. Jendea horrekin identifikatu dadila eta parte hartzera animatu", adierazi du Ikuska Lizarraldek, Euskaraldiaren Arrasateko dinamizatzaileak.
Ariketa soziala udazkenean egingo duten arren, herritarrak aktibatzen joateko lehenengo ekintza izango da kalejira. Ahobizi eta Belarriprest ere egongo dira kalejira horretan, eta "geroz eta jende gehiago egon, orduan eta hobe" izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.
San Andrestik Herriko Plazara
18:00etan Maiatzaren Bata plazatik abiatuko dira, txalapartari eta trikitilariekin, eta jai giroan egingo dute kalejira. Establezimendu batetik bestera joango dira, merkatariak panelean idazten joan daitezen, eta Herriko Plazan bukatuko dute. Merkatariez gain, baina, norbanakoek ere haien bizipenak eta lorpenak azaleratzea gura dute antolatzaileek.
Azkenik, Euskaraldian modu aktiboagoan parte hartzeko, ateak zabalik dituztela azpimarratu dute, horretarako bi bide daudela gogoratuz: arrasate@euskaraldia.eus helbidea edota 639 94 20 94 telefono zenbakia (Ikuska).
Hurrengo herri batzordea uztailaren 4an egingo dute, astelehena, 18:30ean, AEDn.