Maialen Axpek urreari eutsi dio Espainiako txapelketan; zilarra Malen Ruiz de Azuarendako

Xabier Urtzelai 2022ko eka. 25a, 00:38
Maialen Axperendako izan da urrezko domina, eta zilarra Malen Ruiz de Azuarendako. Irudia: teledeporte

Iaz lortutako Espainiako aire libreko txapelketako txapelari eutsi dio Maialen Axpek 4,45eko saltoa eginda. Hain zuzen, haren herrikide Malen Ruiz de Azuarekin izan du lehia handiena; Ruiz de Azuak 4,50eko saiakeran huts egin eta 4,40ekoarekin agurtu du txapelketa, zilarra jantzita.

Beste behin Espainiako txapelketa absolutuak bi arrasatearren arteko lehia izan du pertika saltoan, Maialen Axpe eta Malen Ruiz de Azua ibili dira-eta, azken unera arte, urreagatik borrokan. Ohitura bilakatu da dagoeneko, baina etorkizunean nekez errepikatuko da halakorik berriro ere, maila gorenean bi herrikide izan dira-eta zein baino zein gehiago.

Bada, pertika saltoen saioa jarraitu dutenek [hemen multipantalla moduan ikusgai] gozatu ederra hartu dute bi atleta hauen txapelketa jarraituta. Maila oso onean jardun dute biek. Atletico San Sebastian taldeko atletak erakutsi du, beste behin, urteko hitzordu nagusian daukan onena erakusten, ordura arte Iruñean bizi den atleta arrasatearrak 4,20ko marka zeukalako egina. Baina, iaz Getafen lortutako urrea berretsi du, diogun moduan, Nerjan izan dute txapelketan aurtengo marka pertsonala 25 zentimetrotan ontzeko kapaz izan delako (4,45).

Aurreratu moduan, Malen Ruiz de Azua izan da Axpe gehien estutu duena. Valentzia Sport taldeko atletak 4,40ko marka egin du eta ez zen marka txarra, inondik inora, azken asteotara arte arrasatearrari kosta egin zaiolako marka horietara iristea. Baina, Axperen 4,45ekoa gainditzeko arriskatu beharra zegoen, apustua egin beharra zegoen, eta 4,50ean kokatu du langa. Ruiz de Azuak korrikaldia hasi duenean atzetik pasa den Maialen Axpek begiratu ere ez du egin, eta ez du ikusi Ruiz de Azuak ez duela helburua bete. Baina oso-oso gutxigatik izan da hori, Ruiz de Azuak eskura izan du marka pertsonala egitea. Baina, balio gabeko saltoa izan da Ruiz de Azuarendako, arratsaldeko azken saiakera zen, eta automatikoki Axperendako izan da urrea. Hemen une hori erakusten duen tuita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak