Maria Jose Gil: "Oso pozik nago aitortzarekin; izugarria izan da"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 24a, 10:48

Maria Jose Gil, iaz, Mojategin, bi domina erakusten.

Arrasate Kirol Sarietan, kirol ibilbide onenaren saria jaso du Gilek eta "ilusio handiz" hartu du aitortza. Abenduan 82 urte beteko dituen arren, sasoi betean dago oraindik.

1940ko abenduaren 21ean jaio zen Maria Jose Gil, Igualejan (Malaga). Edozelan ere, 20 urterekin etorri zen Arrasatera eta ia bizitza osoa darama hemen. 53 urterekin hasi zen lasterketetan parte hartzen, eta ordutik askotariko garaipenak eta errekorrak lortu ditu.

Sari eta aitortza asko izango dituzu, baina etxekoa berezia da.

Bai; ilusio handia egin dit. Hautagai izatearekin bakarrik pozik nengoen, baina aitortza jaso izana izugarria izan da. Alde batetik, espero nuen, baina, bestetik, ez, jende asko zegoelako aukerekin. Hala ere, niri eman didate eta oso pozik nago.

Zein da zure sekretua?

Lana eta lana; beste sekreturik ez dago. Amodio propio handia daukat, eta, molestiak izan arren, entrenatzen jarraitzen dut.

"Amodio propio handia daukat, eta, molestiak izan arren, entrenatzen jarraitzen dut"

Zenbat entrenamendu egiten dituzu hain ondo egoteko?

Ia egunero entrenatzen naiz. Domeketan atseden hartzen dut, baina, bestela, ia egunero egiten dut zerbait. Lehen, ez neukan entrenatzailerik, baina Durango Kirol Taldean nagoenetik, 2014tik, bai. Beraz, hark esaten dit egun bakoitzean egin behar dudana zer den, eta ni ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz.

Oraindik ez duzu kirola uzteko asmorik...

Egia esan, iaz Malagan jokatutako Espainiako Txapelketaz geroztik, uzteko asmotan nenbilen, baina taldetik esan zidaten ahal dudanera arte jarraitu egin behar nuela. Batek esan zidan balantzan jartzeko bi aldeak, eta, hausnartu ostean, konturatu naiz merezi duela jarraitzea, lehiatzeak ematen didan poztasunagatik. Beraz, Jainkoak hala nahi badu, datorren denboraldian jarraitu egingo dut.

DKTn daukazuen giro onak lagunduko du horretan ere...

Oso harreman ona daukat guztiekin eta esango nuke haiek nirekiko ere hala uste dutela. Horrek ere laguntzen du, noski. Esaterako, ekainaren 3an, Espainiako Txapelketa egon zen, master kategoriakoa. Min hartuta nengoenez, ezin nuen parte hartu, baina haiekin joan nintzen. Hori esanguratsua da.

Baduzu beste errekorrik begiz jota?

Lehiatzen hasi nintzenetik, ia beti egin izan ditut errekor berriak, baina hori ez da inoiz izan nire helburua. Normalean, lehiatzen ari naizenean, ez diot denborari begiratu ere egiten, eta bukatzen dudanean jakiten dut ze denbora egiten dudan.

Anekdota bitxi bat ere badaukazu. Zer gertatu zitzaizun Madrilen urte hasieran?

Urtarrilaren 23an, 800 metroko proba bukatu nuen eta ez nekien ze denbora egin nuen ere. Gizon bat gerturatu zitzaidan eta esan zidan sekulako lasterketa egin nuela eta errekorra ondu nuela. Kazetaria zela pentsatu nuen, dopinaren aurkako proba egin behar nuela esan zidan arte. Egia esan, sekula ez zidaten probarik egin ordura arte, baina lasterketa guztietako irabazleei egiten ari zirela esan zidaten, eta, noski, niri ere egin zidaten. Hiru ordu eta erdi eduki ninduten han, eta oso urduri jarri nintzen, delitu bat egin izan banu bezala. Hala ere, negatibo eman nuen eta anekdota hutsean geratu zen. Hori izan da, oraingoz, parte hartu dudan azken txapelketa.

"Gelditzen banaiz, gero asko kostatzen zait erritmoa berreskuratzea"

Orain, uda atseden hartzeko baliatuko duzu?

Ez. Min hartuta nagoenez, eliptikoa eta bizikleta egiten ari naiz orain. Baina ez dut atseden hartzen; izan ere, gelditzen banaiz, gero asko kostatzen zait erritmoa berreskuratzea. Beraz, saiatzen naiz ia egunero zerbait egiten.

Beste txapelketaren batean parte hartzeko asmorik baduzu epe laburrean?

Oporretan Galiziara joan ohi gara eta han emakumeen aldeko lasterketan parte hartu izan dut, irailean. Aurten ere, han banago, egingo dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak