Ohiko jaien itzulerarekin, bueltan dator gustu guztiak asetzeko musika eskaintza. Herriko Plaza, txosnagunea eta Monterron parkea izango dira, bereziki, musika menu osatuaren topaleku. On egin!
LAS CLITORIXXX
Txosnagunea / Ekainak 23 / 23:00
Punk doinuak eta jarrera nagusi. Oso kontzertu gutxi eman dituzte; Arrasaten eman zuten azkenetakoa 2017ko Elkartasun Egunean eman zuten. Hori bai, ez dute inor axolagabe utziko.
BANANA SHAKE
Txosnagunea / Ekainak 23 / 00:00
25 eta 27 urte inguruko lagun talde baten "konfinamenduko asperduratik" sortutako taldea. Askotariko bertsioak eskainiko ditu zazpikoteak. Rocketik edaten duen errepertorioa taularatuko dute, beraz, baina haize-instrumentuen indarrarekin.
AÑUBE
Txosnagunea / Ekainak 23 / 01:00
Abesti nahiko lasaiak jota ere zuzeneko oso biziak egiten dituen taldeak berriro joko du etxean. Udaberri ero baten ostean honako hau izango da udan emango duten lehen kontzertua; parranda giroa, bermatuta.
ARRASATE MUSIKALEKO BANDA
Monterron / Ekainak 24 / 13:00
Konpartsarekin eta gaiteroekin kalejiran irten ostean, 13:00etan, Monterron parkeko oholtzatik emango dute sanjuanetako klasiko bat izan ohi den kontzertua.
NHIL
Txosnagunea / Ekainak 24 / 21:00
Aramaio, Eskoriatza, Arrasate eta Aretxabaletako musikariez osatutako seikotea Bizi bagina bezala diskoarekin dator; pop eta funk doinuz beteko dute txosnagunea San Juan egunean.
NEOMAK
Monterron / Ekainak 24 / 23:15
Neomak, edo grezieraz Ilargi berria, San Juan egunean igoko da Monterron parkeko oholtzara. Panderoa eta trikitia molde berrietatik aurkeztera datoz eta berezia izango da emanaldia, besteak beste, taldeko kide arrasatearrek –Irati Gutierrez, Amets Ormaetxea eta Leire Etxezarreta– etxean jokatuko dutelako.
OXABI
Herriko Plaza / Ekainak 24 / 23:15
Ez dago jaiak ulertzerik ohiko erromeria talde barik, eta aurtengo sanjuanetan Galdakaoko Oxabi taldea izan da aukeratua.
RAP JAIALDIA: ETXEPE, FANA, TATTA, MUTIKO ETA DENSO
Txosnagunea / Ekainak 25 / 22:00
Musika urbanoak bizi duen loraldia ez da oharkabean pasatuko; bertako artistak protagonista izango dituen rap jaialdia antolatu dute hilaren 25erako.
MERINA GRIS
Txosnagunea / Ekainak 25 / 23:00
Donostiako Sara, Julen eta Paskalek osatzen dute Merina Gris, baina ez dute informazio gehiagorik eman nahi; elkarrizketetan aurpegia estalita agertzen dira. Elektro-pop bortitza egiten dute eta taldearen bereizgarrien artean daude bideoklipak; irudi aldetik lanketa handiko bideoak egin dituzte, besteak beste, bideoklip horietan Izaro eta Eneko Sagardoi ezagunak protagonista dituztela.
SU TA GAR
Txosnagunea / Ekainak 25 / 00:30
Hirugarren eguneko jaialdia borobiltzeko, Su Ta Gar igoko da txosnaguneko oholtzara. 35 urteko ibilbidearekin aurkezpenik behar ez duen taldea, ziur heavy eta rock gogorraren euskal erreferente handienek ez dutela hutsik egingo.
MEXICO LINDO, SI SEÑOR
Herriko Plaza / Ekainak 25 / 22:30
Bereziki adineko ikusleen aurrean gozamena eragiten duten mariatxiak ere ez dira faltako musika menuan. Jatorri mexikarra duten musikariz osatuta, dagoeneko ereserki bihurtu diren abesti mexikar ezagunenak joko dituzte.
ANARI
Herriko Plaza / Ekainak 26 / 20:00
Pandemia aurreko urteetan jaietako egitaraua ixteko kontzertu indartsu bat eskaintzeko ohiturari jarraituz, aurten Anari gonbidatu dute Herriko Plazara. Oñatiko Bilgune Feministan eman berri duen kontzertuan argi geratu zen sasoiko dagoela 1997a ezkero agertokiz agertoki dabilen azkoitiarra. Bakarlari zein taldearekin, arrasto handia utzi du musikari azkoitiarrak Euskal Herriko rockaren eta post-rockaren panoraman; ez da modu hoberik izango 2022ko sanjuanak agurtzeko.