Arrasateko bandak hiru data jakin dauzka jaietan: 18an haur danborrada, 23an errementari dantza, eta 24an kontzertua Monterronen. Aurten ere ez daukate huts egiteko inongo asmorik. Joko duten errepertorioan egongo dira aldaketak, dena den; hurrengo urtean beteko dituzten 50. urteurrena tarteko, besteak beste.
Ohi bezala, kalejirarekin hasiko dute eguna, Monterronera bertaratu arte, eta 13:00etan abiatuko dute kontzertua.
Garbi dauka Mikel Markiegi bandaren zuzendariak eman beharreko kontzertuak arina izan behar duela. "Jaiak dira eta ezin dira jo jendearen arreta handia eskatzen dituzten abestiak", jakinarazi du. Lehenengo kantuak, hala ere, badauka arreta-gune izateko behar dena. Izan ere, Arrasateko Rugby Taldearen ereserkia joko dute lehen aldiz. Jose Ramon Vitoria arrasatearrak konposatu du, Arrasate Musikaleko irakasle ohiak.
Allmenden Europa Mars, Rossinniren La italiana en Argel eta Van der Roosten Flashing winds etorriko dira jarraiki, giroa animatuta mantentzeko asmoz. Munduko hainbat tokitako doinuak sartzen saiatzen dela nabarmendu du zuzendariak.
Euskal konpositoreei begira
Ezin munduari begira jarri, dena den, bertakoak ahaztuta. Guridiren Ezpata Dantza Amaya-k emango dio jarraipena kontzertuari, baina momentu berezia izango da Arzamendik konposatutako Arrasate Musikal Ereserkia. Azken urteetan ez bezala, modu originalean joko dute, hasierako partituretan dagoen gisan.
Hurrengo urteko urteurrenari begira egingo den keinua izango da hori, kantu aukeraketa bezala. Ez da goitik beherako aldaketa bat, baina irailetik aurrera egingo dituzten ikuskizunen eta ekintzen aurrekari gisa balioko du. Izan ere, irailean bertan aurkeztuko dute 50. urteurrenaren egitaraua eta ekainera arte iraungo du.
Kanpoko musikarien bila jo gabe, herriko beste artista batzuekin elkarlanean plana osatzeko asmoa daukate.