Erraldoien konpartsa, itzulerarako gogotsu

Beñat Alberdi Igartua 2022ko eka. 20a, 16:00

Erraldoiak eta kilikiak kalean barrena 2015ean

Bi jai pasatu dira azkenekoz erraldoiek eta kilikiek Arrasateko kaleak ibili zituztenetik. Aurtengo 'ohiko' festetan berreskuratuko dituzte zitak, eta gogorik ez dute falta. Entseguetarako lokal faltak berritasunik ez du bideratu; betikoa itzuliko da, baina

Iaz, dantzariek, bandak eta erraldoiek prestatu zuten ikuskizuna, koronabirusak festak mugatu bazituen ere, kultura presente egon zedin. Aurtengo sanjuanak bestelakoak izango dira, maskara garaiak atzean utzita, aurretiazko egitaraua itzuliko dela. Tartean sartzen da Erraldoien eta Kilikien Konpartsa. Bizitu egingo dituzte berriro ere Arrasateko kaleak.

"Aurkakoa espero zitekeen, baina normal-normalak izango direla dirudi", esan du Joxerra Perezek, konpartsako lehendakariak. Kalea jardun eremu izateak ere sortzen zituen oztopoak. Ez espazio muga, ez jende kopuru, erraldoientzako ere beste festa batzuk izango dira.

Zer eskaini izateko, hala ere, non entseatu behar izaten da, eta hor agertu zaie osasunaz gaindiko muga. Izan ere, berritzen daukate euren lokala. Obrak bukatu bitartean, utzi zieten beste eremu bat, baina, aretoaren erabilerarako beste behar batzuk medio, azken hilabetera arte ez dute non jardun izan.

Ikuskizunerako entseatzen

Horrek ez du esan nahi, ordea, ez dutela ezer prestatu, berritasunak atontzeko denborarik ez dutela eduki baizik. "Bi urte hauetan pandemiagatik bakarrik ez, lokalagatik ere ezin izan gara gauza berriekin jarri", nabarmendu du lehendakariak. Aurten begi onez ikusi dute berritasunekin nahastu baino gehiago, sanjuanetan eskaini ohi zutena ganoraz prestatzea.

San Juan bezperan, errementari dantzan parte hartuko dute. 24an, berriz, kalejira izango da goizeko eskaintza, 11:00etan, eta bandarekin eta gaiteroekin elkartuko dira Seber Altube plazan. Festetan ohiko den bezala, La dominguera dantzatuko dute bandak jotako musikarekin. Domekan eskainiko dute azken zita, goizeko hamaiketako kalejira.

Bi urte ez da denbora gutxi; are gutxiago, konpartsako gaztetxoenentzako. Zenbait zahartu egin dira azken jaietatik igarotako denboran, baina, kezka puntu bat izan den arren, positibo agertu da Joxerra Perez; azken alditik batzuek errepikatuko ez badute ere, jende berria sartu denez gero, ordezkoak aurkitu dituztelako.

Gainera, 35. urteurrena pandemia garaian pasa zitzaien eta ez zuten ospakizunetarako tarterik izan. Kasu horretan ere, nahiago izan dute presaka ibili ordez, behin jaiak pasatuta egitaraua antolatzen hastea.

Txantxetan dio konpartsako lehendakariak gogorra izango zaiela itzulera bi urte "ezer" egin gabe egon eta gero. "Ez, ez, gustura ibiltzen gara eta gustura itzuliko gara". Konpartsarentzako ere aberasgarria izango da berriro jaiak normaltasunez bizitzea, eta gogotsu daude Arrasateko kaleak alaitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak