Hamargarren aldiz egingo dute aurten jai herrikoiei lotutako kantu afaria, eta, zenbaki borobila denez gero, Jose Letona plazan beharrean Herriko Plazan batuko dira gaur gauean, 21:30ean hasita. Bertan, herriko musikariz osatutako Sei Pistols eta Trabuko Bat taldeak kantaldia egingo du, herritarren parte hartze prestua lagun.
Horren aurretik, Goikobalu abesbatzako kantariek kalejira egingo dute erdigunean, 19:00etan hasita, eta, ordu erdi geroago, Herrixa Dantzan jarriko dute Bat Bitanek eta Patxi Monterok, Portaloi elkarteak antolatuta. Bestalde, ekaineko baserritar azokako produktuak bihar goizean zehar egongo dira eskura Seber Altube plazan.
Badaezpada, komeni da gogoratzea gaur amaituko dela 80 urtetik gorako herritarrek omenaldia jasotzeko izen ematea. Hain zuzen ere, San Juan egunean egingo diete aitortza, Etxaluzen, 12:30ean hasiko den ekitaldian; alkatearen agurra, lore sorten banaketa eta Abaroako abesbatzaren emanaldia izango dira plater nagusiak. Oraindik apuntatu ez dena garaiz dago, BAZeko 943 25 20 00 telefonora deitzen badu edo udal webgunean fitxategia betetzen badu.
Pare bat otordu publiko
Jadanik agortu dira ekainaren 23ko herri bazkarirako tiketak, baina oraindik ez dira itxi dragoi janaren afarian eta Zeuk iñ zeuk jan bazkarian parte hartzeko epeak. Lehenengoa ekainaren 24an egingo dute, Herriko Plazan, 20:30ean, ohi bezala, AEDk eta AEKk antolatuta. Sarrerak 12 eurotan saltzen ari dira Monten, Iratin, AEKn eta AEDn. Mahaikideek txuletaren eta hanburgesa begetalaren artean aukeratu ahalko dute menua. Euria eginez gero, Azoka plazara lekualdatuko dute afaria.
Eguraldi on edo txarrarekin, toki horretan izango da ekainaren 25eko Zeuk iñ zeuk jan bazkaria. Bihar itxiko dute udal webgunetik edo BAZen bitartez eman beharreko izen-ematea. Udalak dozena bat su txiki zozketatuko ditu eskatzen dutenen artean, eta, ahal dela, norberak eraman beharko ditu kozinatzeko tresneria eta mahai tresnak.
Argazki lehiaketa
Artgazki taldearen eskutik, San Juan jaien bueltako sariketa ere antolatuko dute. Gaurtik ekainaren 26ra arte ateratako argazki originalak aurkeztu ahalko dira lehiaketak@artgazki.org helbidean, ekainaren 27ko 22:00ak aurretik. Uztailaren 3an izango da sari banaketa, Kajoin.