Arrasate Kirol Sariak banatuko dituzte eguenean Seber Altuben

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 13a, 12:42

Xabier Urtzelai –ezkerrean–, Maria Ubarretxena eta Ander Garay, gaurko aurkezpen ekitaldian.

Bi urteren ondoren, bueltan dira Arrasate Kirol Sariak. Berezitasunak izango ditu eguenean 19:00etan Seber Altube plazan egingo duten ekitaldiak. Herritarrek bozka bidez aukeratuko dituzte Kirolari Onena eta Kirol Ibilbide Onena sailetako sarituak. Botoa eman daiteke hemen.

Arrasate Kirol Sariak bueltan direla iragarri du gaur Arrasateko Udalak, Kulturaten egin duen prentsaurrekoan. Ander Garay Kirol zinegotziak, Xabi Urtzelai Goienako kazetariak eta Maria Ubarretxena alkateak eman dute prentsaurrekoa. Bertan, Ander Garayk aurtengo edizioak edukiko dituen berritasunak azaldu ditu. Alde batetik, zinegotziak esan duenez, Udalak, ekitaldi ireki baten bidez, azken bi urteotan arrasatearrek pairatu dutena omendu nahi du. Hortaz, aurtengo ekitaldiak bi berritasun nagusi edukiko dituela esan du. Eguaztenera arte, hilak 15, Arrasateko herritarrek Internet bidez aukeratu ahal izango dute herriko kirolari onena.

Bederatzi arrasatear Kirolari Onenaren saria lortzeko aukerarekin

Xabi Urtzelai aurkezleak jakinarazi du izendatuen zerrenda. Kirolari Onenaren sarirako izendatuak hauek dira:

  • Ander Murua, 23 urtez azpiko euskal pilotako Munduko Txapelketan eskuz binakako garaile izan zena Manex Balerdi antzuolarrarekin batera.
  • Maria Jose Gil, Euskadiko Master Txapelketan Espainiako 400 metroko errekorra ondu berri duen 81 urteko atleta.
  • Miren Apraiz, distantzia motzeko Euskadiko duatloi txapelduna.
  • Ointxeko Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen senior taldea, saskibaloiko lehen mailara igo direnak Iturripen finala irabazi ondoren.
  • Ointxeko Mondragon Unibertsitateko gizonezkoen EBA taldea, saskibaloiko EBA mailako lauko finalean finalista izandakoak.
  • Yaman Diamante Mjahed, MMAko Espainiako Txapelketan dabilen borrokalaria.
  • Beasain Kirol Elkartearekin Bigarren RFEF Mailara igo diren Mikel Aizpurua futbolaria eta Igor Gordobil entrenatzailea.
  • Mondrate Areto Futboleko elkartea, Maila Nazionalera igo berri den senior taldea.
  • Malen Ruiz de Azua atleta, iazko maiatzean jokatutako Europako Atletismo Txapelketan zilarrezko dominaren irabazlea.

 

Kirol Ibilbide Onenaren saria

Horretaz gain, Kirol Ibilbide Onenaren saria ere banatuko da. Arlo honetan, hilondoko titulu moduan saria eskuratzeko hautagaiak dira Mariano Arrieta eta Joxe Antonio Aranburuzabala, 1994 eta 2010 artean eskubaloiaren alde egindako lanagatik. Horietaz gain, Kirol Ibilbide Onenaren saria irabazteko gainontzeko hautagaiak Karmelo Bergaretxe Besaide Mendizale Elkarteko zuzendari izandakoa, Jon Basurko Arrasate Saskibaloi Taldearen lehenengo entrenatzailea eta Kirolari Onenaren sarirako izendatuta dagoen Maria Jose Gil dira.

ART eta MUko emakumezkoen senior taldeen garrantzia aintzat hartuko da

Bi aitortza berezi egingo dira aurten: Arrasate Rugby Taldeak, 50. urteurrena duen honetan, denbora-tarte honetan guztian erakutsitako izaera sozial eta inklusiboa aintzat hartua ikusiko du; bestetik, Kirolari Onenaren Saria irabazteko izendatuta dagoen MUko emakumezkoen senior taldea, emakumezkoak kirolean barneratzeko egiten duen esfortzu eta lanagatik.

Botoa asteazkena arte online egin ahal izango du 14 urtez gorako edozein norbanakok, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak