Mondragon Taldeko lehendakari Iñigo Ucin, Leire Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia, eta Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea izan dira lehenak ekitaldian hitza hartzen.
Garaiaren lana balioan jarriz
Ucinek egindakoak ekarri ditu gogora ekitaldian, baina, asko dagoela egiteko gaineratuz: "Hamabost urte oso azkar pasa dira, eta asko aldatu da mundua urte hauetan. Gaur egun, 67 enpresa ditugu hemen. Azken urtean 250 ospakizun tekniko, ekonomiko, edo zientifiko egin ditugu, eta orokorrean, 13.000 pertsona pasa dira hemendik. Hainbeste erlazio, informazio, ezagutza banatzeak balio handia du, eta Garaiaren lana balioan jarri behar da.
Leire Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, bestalde, zorion hitzak izan ditu Garaiako ekosistemako guztientzat. "Zorionak eman nahi dizkizuet Garaioko kide guztioi. "Garaia ekimen publiko-pribatuaren adibide bikaina da. Mondragon korporazioak bultzatua, sei zentro teknologiko zientifikoaren babesaz, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Lan handia egin da urte hauetan, baina, Garaia eta erakunde bazkideak etorkizunari eta gure jarduerak lurraldearen garapen eta ekonomiko sozialari begira gaude; erronka berriei aurre egin behar dugu, eta horretarako lankidetzaren esparrutik jarraitu behar dugu".
Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak berriz honakoa esan du: "Gaurkoa topagune garrantzitsua da; elkarlana sustatzeko topagunea da, berrikuntza ardatz. Apustua handia izan da, eta zailtasunak-zailtasun iritsi gara hamabost urtetara, eta aurrera segi dezagun. Aldundiaren leloa da, ezberdintasun gutxien dituen Europako lurraldea izaten jarraitzea, eta hori bermatzeko, ekonomia sendoa behar dugu, horrek, garantizatuko baitu gizartearen ongizatea".
Maria Ubarretxena, Arrasateko alkateak, aldiz, balioan jarri du Garaiak eskaintzen duena. "Lehenenbizi eskerrik asko Garaiako komunitatea osatzen duzuen guztiei, bereziki Garaiako kudeatzaileei eta langileei. Bigarrenez, balioan jarri parkeak eskaintzen duen berrikuntza, teknologia, jakintza…, eta azkenik, Garaia komunitatea osatzeko erabiltzen den eredu kolaboratzailea azpimarratuko nuke".
Garaiak eman diena adieraziz
Ondoren, berrikuntzari buruzko solasaldia izan da, Garaiako hainbat enpresetako ordezkariak igo dira oholtzara beraien esperientzia kontatzera. Edorta Herce, Ategiko zuzendari nagusia, Idoia Apraiz Galbaianeko lehendakaria, Mariaje Zabaleta GSRko zuzendari nagusia eta Naiara Telleria Kiro Grifols-eko farmazia zuzendaria.
Amaitzeko, Lander Beloki eta Carlos Garcia, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza eta Ingeniaritza fakultateetako dekanoak eta Mikel Alvarez Garaia Parke Teknologikoko presidenteak aurrera begirako erronkak izan dituzte berbagai, berrikuntzaren garrantzia azpimarratuz, eta formakuntza eta ekintzailetza ere balioan jarriz.
Horrekin batera, parkearen urteurrenaren harira antolatutako argazki eta marrazki lehiaketen sariak ere banatu dituzte. Batetik, Olaia Gonzalez-en Zerumugan argazkia eta Alixe Ojearen –Elkar Hezi– marrazkia izan dira saridunak.