Udaixe 2022 prest dago gaztetxoenek udaz gozatzeko eskaintzekin

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 9a, 11:37

Udaixeko 2022ko programak bi eskaintza ezberdin hartzen ditu bere baitan: 6ak BAIETZ!, egun bakarreko 6 plan ezberdinekin, eta Gaztekonkis-Elosu abentura, 3 eguneko irteera. Izena emateko epemuga ekainaren 21a da.

12-17 urte arteko gazte guztiei zuzendutako Udaixe udako programaren egitaraua prest dute dagoeneko Arrasateko Udaleko gazte txokoek, nerabeek uda sasoian ere aisialdiaz gozatzen jarraitu dezaten.

Programa ekainaren 27tik uztailaren 14ra bitartean gauzatuko da. Aurten, nerabeen proposamenak entzunda eta hauei leku eginda antolatu da programaren egitarau zabala: irteerak, ekintzak... eta baita lasai egoteko momentuak ere.

 

Bi atal desberdin aurten

Aurtengo Udaixe programa bi atal desberdinek osatuko dute. 6ak BAIETZ!, egun bakarreko 6 plan ezberdinek osatzen dutena, eta Gaztekonkis-Elosu abentura, 3 eguneko irteera bat.

Arrasateko Udalak argitaratutako prentsa oharrean honela dator zehaztuta 6ak BAIETZ! atalaren osaera:

  • Ekainak 27, astelehena, 19:30-22:30: pizza + pelikula, ospitale ondoko tren geltoki zaharrean. Fidantza: 2 euro.
  • Ekainak 29, eguaztena, 11:00-18:00: irteera Usakora bizikletan Musakolako gazte txokotik abiatuta. Bizikletarik ez dutenentzat gazte txokoek lortuko dituzte. Fidantza: 2 euro.
  • Uztailak 1, egubakoitza: 11:30-19:30 irteera Salting Iruña-ra. Irteera: ospitaleko bus geltokia. Prezioa: 10 euro.
  • Uztailak 4, astelehena, 10:00-18:00: irteera Urdaibaira piraguan ibiltzera. Irteera: ospitaleko bus geltokia. Prezioa: 10 euro.
  • Uztailak 6, eguaztena, 12:30-16:30: bazkari parrilla + ur jolasak Santa Barbaran. Fidantza: 2 euro.
  • Uztailak 8, egubakoitza, 11:00-18:00: irteera Mutrikuko igerileku naturalera. Irteera: ospitaleko bus geltokia. Prezioa: 10 euro.

Nahiago bada, 25 euroren truke ekintza guztietan apuntatzeko aukera eskaintzen du programak. Ekintza solteetan izena eman ahal izango da.

Gaztekonkis-Elosu abentura, aldiz, uztailaren 12, 13 eta 14a bitartean burutuko den irteera da. Elosu inguruan, Bergaran, abentura zein erronka dibertigarriak biziko dituzte gaztetxoek. 30 euroko prezioa du irteera honek, eta uztailaren 12an goizeko hamaiketan abiatuko da eta 14an arratsaldeko ordu bietan izango du itzulera.

Izen-ematea ekainaren 21a baino lehen egin behar da, online, www.arrasate.eus webgunean, gazte txokoetan zein Gazte Bulegoan, edo zerbitzuetako sare sozialen bitartez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak