Arrasate Rugby Taldeko inklusio eta amen taldeek larunbatean jokatuko dute aurrenekoz

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 8a, 12:32

ART-ko amak Gasteizen burututako lansaioan.

Arrasate Rugby Taldeko inklusio eta amen taldeek larunbatean egingo dute haien debuta txapelketa ofizial batean. Amen taldeak, beste bi euskal talderekin batera jokatuko du Maters Series torneoa Gasteizen, eta talde inklusiboak Hernanin jokatuko du Landaren Inklusiboko bostgarren edizioa. 

Behin txapelketa ofizialak amaituta, ART hurrengo denboraldira begira dago jada. Bien bitartean, larunbatekoa garrantziz beteriko eguna izango da Arrasateko Errugbi Taldearentzat; izan ere, egun horretan jokatuko dute haien historiako aurreneko partidua bai amen taldeak zein talde inklusiboak ere. Duela gutxi sortutako taldeak dira hauek, eta eguna egutegian gorriz markatuta daukate sorreratik.

 

Gasteiz eta Mungiako taldeekin batera jokatuko dute amek

Amen taldeak Gasteizen ospatuko den Maters Series txapelketan egingo du debuta. Bertan, Gasteizeko Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldearekin eta Mungiako hainbat kiderekin batera larunbat goizean jokatuko ditu 25 minutuko luzaera edukiko dituzten hiru partidu. Fase honetan irabazle suertatuz gero, arratsaldean jokatuko du fase finala Espainiar estatu osotik etorritako beste hainbat talderen aurka. Amaieran, sari banaketa, ikuskizuna eta hirugarren denboraz gozatzeko aukera edukiko dute arrasatearrek.

Testuinguru honen barruan, aipatzekoa da ART-ko amen taldeak Gasteizeko taldearekin eduki duen harremana. Talde arrasatearra martxoan sortu zen, eta ordundik eduki dute Gaztedi Errugbi Elkartea erreferentetzat. Erlazio honen harian, bi taldeek elkarrekiko lansaioak egin dituzte. 

 

Inklusiboa, Hernaniko Landaren Inklusiboko txapelketan

Inklusiboko taldeak, aldiz, urteak daramatza sortuta, baina dagoeneko ez du debuta egin. Larunbatean jokatuko du bere lehenengo txapelketa Hernanin, Hernani Rugby Club-ak sortutako Landaren Inklusiboko bostgarren edizioan. Aniztasuna eta inklusibitatea sustatzeko helburua du ekimen honek, antolatzaileek diotenez. Taldeak mistoak izan ahalko dira, genero zein aniztasun funtzionaleko mugarik gabe. "Aniztasunak elkartzen gaitu" lemapean, zazpi taldek jokatuko dute txapelketa, eta talde bakoitzak 30 minutuko hiru norgehiagoka jokatuko ditu.

Sarietan ez da sailkapena kontuan hartuko. Talde eta jokalari guztiek aitortza eta oroigarria jasoko dute parte hartzeagatik, eta banatuko den sari bakarra Hernani saria izango da, non denen parte-hartzea eta alaitasuna sarituko diren. Partiduak goizean izango dira, eta horien ostean, Hernani R.C-ek antolatutako garagardo azokan bazkaria egingo dute denok batera. Arratsaldean, herrian antolatutako herri kiroletan parte hartu ahal izango dute, eta, azkenik, Sari banaketa klubak antolatutako garagardo azokan ospatuko da, eta bertan partaide guztiek hirugarren denboraz gozatu izan ahalko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak