Iparla eta Astate tontorrak argiztatzera joateko autobusak egongo dira Arrasatetik

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 7a, 17:56

Argazkia: Gure Esku.

Uztailaren 2an, Pirinioetako 300 bat tontor argiztatuko dituzte, Pirinioetako Bidea ekimenaren baitan. Arrasatearrek bi aukera dituzte: Iparla (mendian ibiltzera ohituta daudenentzako) eta Astate (denontzako aproposa). Besaide Mendizale Elkarteak autobusa antolatu du Iparlara doazenentzat eta Gure Eskuk, berriz, Astatera doazenentzat.

Besaidek antolatutako plana honako hau da: 15:30ean irtengo da autobusa Zalduspeko autobus geltokitik. 18:00etan, autoz doazenekin elkartuko dira Baigorriko herriko etxe parean, eta han emango dituzte azken xehetasunak. 22:00etan, argazkia aterako dute, tontorrak argiztatuta, eta 00:30ean abiatuko da bueltako autobusa Arrasatera.

Autobusean joan ahal izateko, aurrez izena eman beharko da eta horretarako hainbat bide egongo dira: Besaideren lokalean, martitzen eta eguaztenetan, 19:30etik 20:30era bitartean; Portaloian Gure eskuren mahaian, egubakoitz arratsalde eta zapatu goizetik eguerdira bitartean eta Gureesku.eus webgunean.

Arrasatetik autobusean joatea gura duenak, 15 euro ordaindu beharko du (eta bost euro Gure Eskun izena ematea). Baigorrira autoz joan eta handik autobusa hartzeko aukera ere egongo da 5 euro ordainduta (eta beste bost euro Gure Eskun izena ematea). Azken hauendako ohar garrantzitsua helarazi dute Besaidetik: "Baigorrin aparkatu. Hasiera puntuan ez dago aparkatzeko aukera askorik eta baserritarrak errespetatu ditzagun".

Astatera joateko autobusa, bestalde, Arrasateko Gure Eskuk antolatuko du, 15 eurotan, eta Portaloian dago izena emateko aukera, egubakoitzetan 18:30ean eta zapatuetan, 11:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak