Arizmendi Ikastolaren eguna ospatuko dute egubakoitzean

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 7a, 12:18
Arizmendi Ikastolaren eguna, Biteri plazan.

Egun osoko egitaraua prestatu dute, nahiz eta ekintza gehienak arratsaldean izan. Goizeko ekintzak ginkana eta danborrada izango dira eta arratsaldean, berriz, denetarik egongo da, 20:00etan Serge musikariaren emanaldiarekin amaituz.

Lehen Hezkuntzako haurrak 09:00etan bilduko dira Biteri plazan, ginkana bat egiteko. Ondoren, 10:30ean, Olarte guneko haurrek danborrada egingo dute Herriko Plazan.

Arratsaldearekin hasteko, 17:15ean ospakizunaren irekiera izango da, txalaparta saioarekin, eta jarraian, Ane Zuazubiskarrek bertso saio bat eskainiko du. Ordu berean hasiko dira martxan tailerrak, puzgarriak eta txosnak.

Nabarmendu dutenez, 17:45ean izango da haurrentzako "ordurik bereziena", orduan egingo diote-eta Argitxori ongietorria umezaintzako txikiek, "harentzako propio prestatutako ikuskizunarekin". Ondoren, Laia Bollón ikasleak makilekin jolasak egingo ditu, eta ostean, euskal dantza saioak eta Lehen Hezkuntzako ikasleek prestatutako ikuskizunak egongo dira.

Jaiarekin bukatzeko, ikastolako gurasoa den Sergek musika emanaldia eskainiko du 20:00etan.

Txosnetan, denetarik

Txosnetan taloak, ura, freskagarriak eta garagardoa egongo dira. Horretaz gain, ikastolako kamiseta eta poltsak erosteko aukera ere egongo da, tanta errifarekin batera (ikastolen historiari buruzko txartel pedagogikoa eta 60.000 euroko sariaren zozketa biltzen dituena).

Era berean, askotariko tailerrak egongo dira: aurpegi margotzea, marrazkiak koloreztatzea, maskarak, mural kolektiboa, ahoa zabaltzen duten animaliak sortzea eta lehen sorospenen tailerra.

Aurkezle lanetan eta oholtzatik giroa alaitzen, berriz, Aitor Guridi Lanbide Heziketako irakasle eta zuzendaria arituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak