Erabilgarri dago Erregebidea-Bedoña ibilbidea Etxezarretarekin lotzen duen zatia

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko eka. 5a, 12:48

Etxezarreta erosi zenetik dabil Besaide Mendizale Elkartea Etxezarretako parkearen bueltan mendi ibilbide bat atondu nahian. Eginda dagoela jakinarazi dute, eta erabilgarri interesatu guztiendako. Gaur egin dute aurkezpena. Besaideko Eñaut Iturberen eta Aitor Zubiagaren konpainian egin dute ibilbidea dozena bat lagunek.

Kulturolan egin dute hitzordua 9:30ean, eta bertan hasi dira azalpenak. Aurretik homologatuta dagoen PR-91 ibilbideari –Erregebidea-Bedoña deiturikoa– gehikuntza berria egin diote eta horrela lotu egin diote Etxezarreta eremua aurretik zegoen proposamenari. "Urte batzuk daramagu Etxezarreta inguruan mendi ibilbide bat osatu nahian. Osatuta dagoenez eta Kurtzetxikiko PR-arekin bateratu denez erabilgarri dagoela jakinarazi nahi diogu herriari", esan du Besaideko presidente Eñaut Iturbek.

Erreka kontratik

Ibilbidearen zati berria da gaur goizean taldean egin duten mendi buelta. Kulturolatik abiatu dira, erreka paretik heldu dira Etxezarreta parkeraino eta bertatik Kortaburura igo handik ospitalera jaisteko. Berritasun txiki bat ere aurkeztu dute hasierako txanpan Besaideko kideek. "Hasieran, hiri eremuan, aukera dago erreka bazterretik joateko ospitale ondotik Mojategiraino. Errekara bizkarra emanda egon gara eta hurbiltzeko modu bat izan daiteke. Uste dugu ibilbidea asko goxotzen duela eta gainetik ez ditugu errepideak gurutzatu behar", esan du Zubiagak.

Hain zuzen ere fabrika eta zubi artetik doa bidea. Sarbideak eta aterabideak ere gertatu dituzte, eta oraindik ere hobetzeko detaileak badaude ere atsegina da bidea; gerizpea du, txoriak eta ur emaria hobeto entzuten dira eta asfaltotik zein zirkulazio eremutik ihesi egiteko aukera ematen du.

Panel berria laster prest

Informazio panel berria laster egongo da zaharraren lekuan, ospitale parean. Mendi ibilbide berriko seinaleak jarrita daude, eta planoak ere prest dira. Denbora gutxi barru izango dira ohiko Internet plataforma guztietan –Arrasateko Udala, Mendi Federazioa...–

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak