Nolatan ekin zenioten abestiak jotzeari?
Kuadrillako lagunak gara eta asko gustatzen zaigu poesia. Ikusi genuen talde akustiko asko zeudela, baina gure asmoa zen musika poemekin eta idatziekin nahastea. Hala, guk poemak konposatzen ditugu, beste abesti batzuen musikarekin jotzeko, gitarraren, ukelelearen eta ahotsaren bidez.
Norenak dira bertsioak?
Lagrimas de Sangre eta Zuu katalanenak, La Otra madrildarrarena... Gure kontzertuetara datozenendako ezagunak diren abestiak dira, eta gozatu egiten dute zuzenekoetan. Ikus-entzuleak gurekin batera abesten ikustea da poz gehien ematen diguna; baten bat negarrez ere ikusi dugu, hunkituta.
Non jo duzue orain arte?
Gehienbat, Arrasaten. Lehenengo emanaldia Txatxilipurdiren ekitaldi batean izan zen, pandemia aurretik. Pandemian zehar bitan jo dugu gaztetxean, baita Ostantz eta Osorik tabernetan ere. Gaur, Musakolako Ziar-Ola elkartean arituko gara, poteoa girotzen. Ekainaren 18an Aretxabaletan dugu hitzordua.
Ez da oso ohikoa emakumez osatutako taldeak ikustea oholtzan.
Musikaren munduan oholtzara igotzen direnak mutilak dira, gehienbat, eta oraindik badaude espazio batzuk emakumeen presentzia ez dena existitzen. Guk gazte guztiak animatu nahi genituzke musika egitera; batez ere, neskak. Lagunekin jo, talde txikiak sortu eta gozatu!
