Elkartasun Eguna egingo dute zapatuan, egun osoko egitarauarekin

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 31a, 16:23

Hainbat gobernuz kanpoko erakunderen elkarlanari esker, hogeita hirugarrenez egingo dute Elkartasun Eguna. "Aurten, pandemiaren ondorioz izandako geldialdiaren ondoren, asmo handiko programa bat prestatu dugu hainbat talderen emanaldiekin, eta guztiak Arrasatekoak". Seber Altube plaza izango da erdigunea, 10:30etik 20:30era.

Activos por un Mundo Solidario, Serso San Victor eta Harreman erakunde antolatzaileek hainbat gobernuz kanpoko erakunde eta elkarterekin batera jardungo dute: Amnistia Internacional, Zaporeak, Mundukide, Migratzaileen Pastorala eta abar. Hala, Seber Altube plazara bertaratzen direnei ezagutzera emango dizkiete egiten dituzten jarduerak eta esku artean dituzten proiektuak. "Horietako batzuk gaur egun gerra aktiboak pairatzen ari diren herrialdeetan egiten dituzte. Ez ditzagun ahaztu!", azaldu dute antolatzaileek.

Askotariko ekintzak, egun osoz

Aurreko urteetan bezala, hainbat jarduerek osatuko dute eguneko egitaraua. Batetik, gobernuz kanpoko erakundeen produktuak erakusgai eta salgai jarriko dituzte. Bestalde, txikienentzat, puzgarriak egongo dira egunean zehar eta Kontukabi taldearen eskutik, Lau Haizetara antzerkia ere bai. Era berean, trikitilariak, dantzariak, gaiteroak eta Arrasate Musikaleko gazte taldearen emanaldiak ere izango dira. Azkenik, Erromintxelak taldeak kontzertua eskainiko du 19:30ean.

Era berean, Harreman Dendako kideak egun osoz egongo dira Seber Altube plazan, bidezko merkataritzako produktuak saltzen.

Tonbolan lortutako dirua, Ankur proiektura

Gainera, Harremanek laguntzen dituen proiektuekiko elkartasuna adierazteko eta Ibai-artek eskainitako ehunka sarietako bat irabazteko aukera egongo da tonbolan parte hartuz, eta hor lortutako dirua Mumbaiko (India) Ankur harrera-etxerako izango da. "Harrera-etxe hau Santa Ana Karitateko Ahizpek kalean jasotako 200 neskatorekin egiten duten lan handia da, eta haurrek, elikadura, osasun-arreta, heziketa eta maitasun handia jasotzen dituzte, bizitza duinago eta etorkizun itxaropentsuago batera hobeto bideratzen lagunduz".

Eguna amaitzeko, 20:30ean, 300 euroko sariaren zozketa egingo dute, Ibai-arteko dendetan bonuetan gastatzeko. "Bereziki nabarmendu nahi dugu Ibai-artek ematen digun laguntza, urtez urte tonbola egiteko aukera ematen jarraitzen baitu. Eskerrik asko bazkide parte-hartzaile guztiei, horiek gabe tonbola ezinezkoa izango bailitzateke", adierazi dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak