Mondragon Unibertsitateko, Cegasa Energiako, Zigor enpresako eta Frantziako, Belgikako, Herbehereetako, Eslovakiako eta Austriako hamabi enpresa eta unibertsitateko ordezkariak Arrasaten dira astean. Europako iSTORMY proiektua dute elkargune; hots, Europar Batasunak bideratutako ikerketa proiektu bat dute esku artean, eta 2020az geroztik ari dira elkarlanean. 3,4 milioi euroko aurrekontua dute ikerketa lau urtean garatzeko.
Mondragon Unibertsitateak ohar bidez adierazi duenez, jatorri berriztagarria duten energia hibrido eta molekularra biltegiratzeko irtenbide berritzaileak bilatzea da ikerketa proiektuaren helburua. Irtenbide modular eta elkarreragile bat garatzea da iSTORMY-ren ardatza, lehendik dauden soluzioekin alderatuta "bizitza erabilgarri handiagoa, kostu txikiagoa eta malgutasun handiagoa" izango dituzten aukerak eskaini asmoz.
Topaketaren helburua
Laugarren topaketa egiten ari dira proiektuan parte hartzen ari diren erakundeak, baina Arrasatekoak badu bereizgarri bat: presentziala den lehenengoa da. Hala, azken sei hilabeteetan egindako aurrerapenak partekatuko dituzte, baita datozen urratsak eta etorkizuneko helburuak zehaztu ere.