Seber Altube plaza 3 eta 7 urte arteko haurren sukalde bihurtuko da zapatuan, ekainaren 4an. Kids&Us-ek eta Harremanek elkarlanean antolatuta, Little Chef solidarioa ikastaroa egingo da, bi helbururekin. Alde batetik, haurrei ingelesezko sukaldaritza tailer bat eskaintzea –beste hainbat jarduera ere egongo direla adierazi dute antolatzaileek–; bestetik, Indiako Ankur proiektua ekonomikoki laguntzea.
Proiektua Bonbain dagoen umezurztegi batean oinarritzen da. Etxe bat eskaintzen zaie kalean dauden haurrei, eta oinarrizko beharrak emateaz gain, hezi egiten dituzte, formazioa eman eta etorkizuna landuz. Ohar bidez adierazi dutenez, proiektua ahal beste lagundu nahi dute; ondorioz, ekimenak arrakasta badu, baliteke bigarren egun batez ere antolatzea.
40 plaza
Izan ere, bost txandan banatuta 40 haurrek gozatu ahal izango dute tailerrarekin zapatu honetan; bi txanda egingo dira goizean, eta hiru, aldiz, arratsaldean. Bost euro ordaindu beharko da haur bakoitzeko, eta tailerraz gain, Ibaiarteren tonbolarako bost txartel ere emango zaio parte-hartzaile bakoitzari. Izen-ematea irekita dago jada.