Bost greba egun gehiago deitu ditu ELAk Aita Mennin

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 26a, 16:19

Aita Menniko hainbat langile, greba egun batean egindako elkarretaratzean. (Argazkia: ELA)

Martxoan egin zuten bileratik zuzendaritzak lan-hitzarmenaren inguruko "proposamen berririk" egin ez duela iritzita, maiatzaren 30etik ekainaren 3ra grebara deitu ditu Aita Menniko langileak ELAk. Gatazkari "benetako irtenbidea" emateko borondatea duela berretsi du sindikatuak, eta erakundeei "arduraz jokatzeko" eskatu die.

ELA sindikatuak Aita Menni ospitaleko zein kanpoko zentroetako langileak grebara deitu ditu berriz. Maiatzaren 30etik ekainaren 3ra, bost greba egun izango dira, eta orotara, 33 izango dira duela lau urte hasi zen gatazkatik egindako lanuzteak.

Enpresa batzordearen gehiengoa duen sindikatuak ohar bidez adierazi duenez, "gero eta larriagoa da langileek bizi duten egoera". Horren adibide, 30 milioi euro inbertitu ditu ospitaleak eraikin berrietan, senide eta pazienteak "aintzat hartu gabe", zuzendaritzak unitate batzuetako postuak "beteko ez dituela" jakinaraztearekin batera. ELAk dioenez, martxoan izan zuten azken bilera, eta geroztik ez dute "proposamen berririk" jaso. "Lan Harremanen Kontseilura ere deituko dituztela adierazi dute medioetan eta langileen artean, baina enpresa batzordeko kideei ez diete ezer esan", gaineratu dute.

Erakundeei eskaria

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta EAEko aldundiekin kontzertazioak dituen arren, "instituzioek entzungor egiten diote gatazkari" sindikatuaren arabera. Ondorioz, erakundeei "arduraz jokatzeko" eskatu die, eta gatazkari "benetako irtenbidea" emateko borondatea dutela berretsi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak