Joan zen urteko azaroan aurkeztu zuten Korrika-AEK Kultur sorkuntzarako beka, euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatu asmoz, AEK elkarteak bi urtetik behin emango duen diru-laguntza. Korrika kulturalaren eskaintza berritzea eta egitarauko ekitaldi nagusia egitea da laguntza honen muina; egoera eta epeak tarteko, baina, 23. Korrikan kulturaleko egitarauan gorpuztuko da ideia.
Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, 13 lan aurkeztu dira lehen edizio honetan. Gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Victoria Eugenian proiektu irabazlea, eta kutsu debagoiendarra izan du sariak. #badon proiektua izan da aurtengo sariduna, eta proiektuaren "ordezkari" gisa, Ines Osinaga arrasatearra eta Olatz Salvador donostiarra izan dira agerraldian.
'#badon'
Epaimahaiko kideek "sormen-laborategi kolektiboa" sortzeari emango dion garrantzia azpimarratu dute, baita diziplinartekotasun artistikoa eta "ertzetan egon diren ideiak, ahotsak, gorputzak eta abar erdigunera ekartzeko" nahia. Izan ere, artista garaikide desberdinen disziplinen arteko zubiak eta elkarlanak bultzatuz, emakume euskaldunen kontaketa propioa aitortzea eta osatzea dute helburu. Webgune honetan aurkitu daiteke proiektuaren inguruko informazio osatua.