"Gizarteari ekarpen bat egiteko baliatu nahi dugu 25. urteurrena". Hala adierazi dute Emun kooperatiba arrasatearreko arduradunek prentsa ohar bidez. Bide horretan, zilarrezko ezteietan Eraldaketan jardunaldiak: Zalantzari leiho bat jardunaldi sorta antolatu dute. Eraldaketan ari diren eragileekin, bidelagunekin, bezeroekin zein gizarteko erakunde eta eragileekin "foro ireki batean" elkartu, "elkarrekin hausnartu eta bide berriak urratzeko" esploratzea da helburua.
Lehena, eguenean
Hainbat mugarri ezarri dituzte urtean zehar hausnarketa plaza gisa. Lehena, maiatzaren 26an bertan, eguenean. Aniztasuna enpresan izenpean, enpresek aniztasuna nola kudeatzen duten ezagutzeko eta eztabaidatzeko aukera egongo da. Vector5 excel·lència i sostenibilitat kooperatibako bazkidea eta aholkularia den Josep Maria Canyelles izango da hizlari nagusia, eta Bogan Taldeko Ainhoa Solozabalek eta Niessen lantegiko zuzendari nagusi den Iñaki Letek beraien esperientziak kontatuko dituzte.
11:00etatik 13:00era egingo da online izango den saioa. Gonbidapenak eskuratzeko ainhoa.mendibil@emun.eus helbidera idatzi edo 677 898 633 zenbakira deitu behar da. Aldibereko itzulpenerako aukera egongo da.
Urte osoko egitaraua
Eguenekoa ez da izango, baina, Emunek antolatu duen gogoeta saio bakarra. Zehazki, beste online saio bat eta topaketa presentzial bat egingo dira datozen hilabeteetan.
- Ekainak 16, eguena - Elkarlanaren gobernantza (online saioa)
- Urriak 6, eguena - Norbere baitan hasten da eraldaketa (topaketa presentziala eta 25. urteurrenaren ekitaldia)