Honako hauek osatu dute epaimahaia: Juan Ramon Mendieta Garay Kultura eta Euskara zinegotzia, Amaia Bengoa Kulturateko pintura irakaslea, Itsaso Garai Txatxilipurdi elkarteko ordezkaria, Marta Izagirre Arrasate Musikaleko ordezkaria eta Antonio Murillo ARTgazki elkartearen ordezkaria.
Kartelari dagokionez, Arrasateko "sinbolo garrantzitsuena", dragoia, hartu du oinarri moduan. "Gero, sua eta suaren inguruan sortzen den dantza magiko antzeko hori irudikatu gura izan dut, elementu ezberdinekin eta testurekin. Tipografia ere suaren adierazgarri izan dadin saiatu naiz eta kolore beroak erabili ditut, morearekin batera, Arrasateren armarriko kolorea delako, arrasatearren kolorea", nabarmendu du egileak.
Lehiaketetan hasiberria da
Eskoriatzarrak diseinu grafikoaren arloan egiten du lan eta ez du halako lehiaketetan parte hartzeko ohiturarik. "Halako lehiaketa gehienetako oinarriak ez dira bidezkoak. Azken batean, dagoeneko bukatuta dagoen lan bat aurkezten duzu eta ez baduzu irabazten, ez dago inolako ordainsaririk". Beraz, oinarriak "ondo landuta" dauden lehiaketetan hartu izan du parte gehienbat. "Pandemian hasi naiz lehiaketetan parte hartzen, eta Gasteizko San Prudentzioetakoa, esaterako, irabazi egin nuen". Arrasatekoan, "gertutasunagatik" aurkeztu du proposamena, "ondo ezagutzen dudan herria delako".