Amaitu du denboraldia Mondrak, kapitainari agur eta harrobitik datozenei kaixo esanda

Hasier Larrea 2022ko mai. 23a, 11:00
Argazkiak: Mondragon C.F.

Esku hutsik itzuli dira asteburuan Añorgatik Ohorezko Erregional Mailako gizonezkoak, 2 eta 1 galdu baitute Rezola futbol zelaian. Seigarren postuan amaitu dute zuri-moreek, 34 norgehiagokatan 54 puntu eskuratuta. Hala, bailarako bigarren talde onena izan da sailkapenean, UDAren atzetik.

Aurtengoa trantsizio-aldia izango zela adierazi zuen iaz Cristian Levis entrenatzaileak, eta datuak eskuan, hitza bete duela ezin uka; 2021/2022 denboraldian harrobiko bederatzi jokalarik jokatu dute estreinakoz lehen taldearekin. Andoni Etxeberria eta Julen Vazquez izan dira debutatzen azkenak, asteburu honetan. Etxeberriak, gainera, gola egin du Añorgan, baina ez da aski izan punturen bat poltsikoratzeko.

Orokorren, baina, harro egoteko moduko liga jokatu du Mondrak. Sailkapenaren goialdean egon da uneoro, eta play-offak jokatzeko aukerak izan ditu azken jardunaldietara arte. Aipagarria ere gizonezkoen bigarren taldeak, Preferente mailakoak, egin duen denboraldia, mailari eustea lortu baitu.

Mujika, Iregi eta 'Urzu'-ren agurra

Ohikoa den bezala, taldea uzteko unea iritsi zaie lehen taldeko zenbait kideri. Kasu honetan, Jokin Mujika kapitaina eta Jesus Mari Iregi delegatua dira jarraituko ez dutenak. Klubak esker oneko hitzak eskaini dizkie biei: "Eskerrik asko urte guzti hauetan Mondrako armarria defendatzeagatik eta gazteenentzat eredu izateagatik!".

Era berean, urte askoan harrobian lanean aritu den Urzu entrenatzaileari ere agur esateko ordua iritsi zaio. Harmailetatik animatzen jarraituko dute hirurek aurrerantzean.

Mujika eta Iregi, Añorgan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak