Argi mintzatu da Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusia gaur egin duten Ohiko Batzar Nagusian: "2021 urte oso positiboa izan da; emaitza bikaina lortu dugu". Zenbakiek berresten dituzte hitzok: 25 milioi eurorekin, inoizko fakturazio datu handiena lortu zuen enpresa arrasatearrak joan zen urtean. "Enpresetarako transferentziaren bultzadan oinarritutako hazkundea" izan zen Etxeberriaren hitzetan; %12,5ean edo 1,5 milioi eurotan hazi ziren sarrerak alor honetan. Bestetik, teknologiak lotzeko eta garatzeko jarduerak indartzen jarraitzeko, 12,4 milioi euroko diru-sarrerak izan zituzten administrazioetatik.
Joan zen urteko beste mugarri bat merkatu unitatea sortu izana izan zen Etxeberriarentzat. Unitatearen helburua "enpresei teknologia transferentzia, start-upekin lankidetzan aritzea eta bezeroei zerbitzua ematea" da; hain zuzen, "bezeroekiko hurbiltasuna indartzeko zein zerbitzurik onena emateko" baliagarria da, zuzendariaren esanetan. "Haien erreferente teknologikoa izaten jarraitu nahi dugu".
Plan berria
2021eko kontuak aurkeztearekin batera, epe motzera dituzten erronka eta proiektuak aurkeztu dituzte batzarrean. Horien artean kokatzen da ETP 2025 edo Espezializazio Teknologikoko Plan berria, "asmo handiko ikerketa plana", Etxeberriaren hitzetan. "Zentroak abangoardia zientifiko-teknologikoan duen posizioa" finkatzeko helburuarekin, 2025era arte 50 milioi euro lortu nahi ditu aurkeztu duten planak.