Lehenengo mailara igotzeko txartela dute jokoan, etxean

Xabier Urtzelai 2022ko mai. 20a, 17:08
MUkoak dira Lauko Finalerako faboritoak. Argazkian ligako une bat, Iturripen.

MUk lauko finala jokatuko du asteburuan, Iturripen; Getxo gainditu beharko dute bihar, zapatua (18:00). Onenak domeka arratsaldeko finalera sailkatuko dira (18:00).

Lehenengo mailara igo gura dute Mondragon Unibertsitateko jokalariek, eta txartel hori asteburuan egongo da jokoan, Ointxe!-k etxean antolatuko duen lauko finalean. Hala, aurrez aurre izango dira MU, Maristas Logroño, Askartza Claret eta Getxo, eta, hain zuzen, MUren eta Getxoren arteko partiduarekin hasiko dute saskibaloi jaialdia zapatuan (18:00). Ondoren jokatuko dute Maristas Logroñok eta Askartza Claretek (20:00). Eta onenak domekako finalerako sailkatuko dira (18:00).  

Moreak dira faboritoak

Liga erregularrean ikusitakoak ikusita, Arri-ren neskak dira faboritoak, eta, gainera, etxeko zaleen aurrean jokatuko dute. Baina partidu bakarreko kanporaketak beti dira arriskutsuak. "Urduri egongo gara, seguru, eta presioa sumatuko dugu, baina nortasunez jokatu behar dugu", adierazi du aste barruan, Arrasate Irratian, Izar Bediak. Biharko kontrario Getxori ligan etxean eta kanpoan irabazi diete (88-67, 65-87), baina egia da, baita ere, Maristasen kontra gehiago sufritu zutela; Logroñon arrasatearrek galdu egin zuten (69-64). Horrek erakusten du etxekoek gauzak ondo egin beharko dituztela, baina kantxan erakutsi dute kontrarioak baino gehiago direla, eta, horrez gain, lehendik zuten talde onari Irene Murua azken txanpan batu izanak bultzada eman die.  

Seniorrek finala dute

Lauko finalaren aurretik (Iturripe, 16:00), hirugarren mailako seniorrek finala jokatuko dute Easoren kontra. Arrasatekoek dagoeneko lortu dute mailaz igotzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak