Yaman 'Diamante': "Hau ez da biolentzia, hau kirola da eta gu atletak gara"

Xabier Urtzelai 2022ko mai. 20a, 18:00
Yaman Mjahed Nogales, garaipen bat kaiola gainera igota ospatzen.

Arrasateko borrokalariak WOW6 izeneko borroka mistoen (MMA) Espainiako jaialdi garrantzitsuenetako batean hartuko du esku bihar, zapatua, Madrilgo Hotel Marriott Auditorium-en: "Gertu nago, badakit ondo prestatu naizela eta gogotsu nago. Gehien atsegin dudana egitera noa".

Yaman Diamante Mjahed Nogales (Arrasate, 2002) borroka arte mistoen munduan aurrerapauso galantak ematen dabil. GOIENA 2019an izan zen azkenekoz arrasatearrarekin; orduan Eskoriatzan antolatu zuten K1-eko borrokaldian esku hartu berri zuen, eta garbi zeukan etorkizunean MMAko borrokalaria izan gura zuela. Iritsi da momentu hori, eta zaleak harrituta utzi ditu. Lautan igo da MMAko kaiolara, eta hiru borrokaldi irabazi ditu: "Debutean eskura nuen garaipena, baina despistatu egin nintzen. Izugarri ikasi nuen egun hartan". Bihar, zapatua, Madrilen Ukrainiaren alde egingo duten borroka arte mistoen jaialdi entzutetsuko borrokalarietako bat izango da. 

Gertu zaude zapatuko borrokaldirako?

Bai! Ondo prestatu dut borrokaldia, gogor entrenatu naiz. Hori da gogorrena, orain, gozatzea tokatzen da. 

Arrasatekoak zapatuan duen borrokaldiko kartela.

Duela hiru urte izan zen azkenekoz GOIENA zurekin. Zer aldatu da ordutik hona?

Bada, orduan esan nituenak poliki-poliki betetzen joan direla. MMAko borrokalari profesional izatea dut amets, eta horretan dihardut.

Zelan egiten da pauso hori? Borroka kopuru bat irabazita, babesleak eskuratuta...

Ez, ez. Oso bide pertsonala da hori, borrokalari bakoitzak erabakitzen du noiz eta zelan eman pausoa. Ni, oraingoz, amateur mailako borrokalaria naiz, eta ingurukoei entzunda, entrenatzaileari men eginda, norberaren bizipen eta gogoei kasu eginda erabakitzen du borrokalariak pausoa ematea, ala ez ematea. 

Youtube-n ikusi dut duela hilabete gutxi Alex Sanchezen kontra izan zenuen borrokaldia. Ikusgarria da.

Bai, oso pozik geratu nintzen, Anakonda izeneko giltza batekin lortu nuen irabaztea –kontrarioaren sumisioa helburu duen lurreko giltza bat da–. Beste borroketako bat ere giltza horrekin irabazi nuen, eta ni ere halaxe hartu ninduten mendean, debut borrokan.

Alex Sanchezen kontrako borrokaldiaren emankizuna.

WOW6 [Way Of Warrior] borroka ekitaldian izango zara bihar. Zertan datza?

Orain momentuan estatu mailan borroka arte mistoen txapelketa onenak antolatzen duen antolaketa taldea da WOW, enpresa pribatu bat da. Eta, zapatuko jaialda izugarria izango da, Goya ekitaldiak antolatzen dituzten hotelean egingo dute jaialdia eta ikusle mordoa egongo da. WOW barruan borrokalari amateurrak profesionalak bagina moduan zaintzen gaituzte, ikus-entzunezkoen emanaldiak asko zaintzen dituzte... WOW Talent delakoan hasi nintzen esku hartzen, eta ondoren hartu nuen esku WOW5 ekitaldian. 

WOW jaialdi baten, aurkezpenean.

Zer nolako borrokalaria zara?

Esango nuke borrokalari argia naizela, eta arlo guztietan moldatzen naizela ondo. Grappling-ean –kontrarioari heltzea–, striking-ean –kontrarioa kolpatzea–, wrestling-ean... Uste dut borrokalari osoa naizela, eta horri esker joaten naiz borrokaldietara konfiantzarekin. Jakingo banu zerbaitetan ez naizela ondo moldatzen, ez nukeen konfiantza hori izango. Eta bestalde, egunero-egunero dihardut lanean, egunean birritan entrenatzen naiz, hemen ez dago beste biderik. Nire helburua ez da kontrarioa baino hobea izatea, azkenean, horrek mugatu egiten zaituelako. Nire helburua da bihar gaur naizena baino apur bat hobea izatea, horrela ez duzu mugarik izango.   

Gaztea zara, 20 urte dituzu, eta bide luzea egiteko. Hortik dator Diamante ezizena?

Bai, pertsona ezberdinek esan didaten zerbait da, lantzeko dagoen harribitxia naizela. Hala, WOWetara joan nintzenean, nire fitxa osatzen nenbilela konturatu nintzen ez neukala ezizenik. Eta nigatik esaten zuten hori jartzea okurritu zitzaidan, Diamante, ja, ja... Ez dakit zergatik, baina gustuko dut.

Gogoan dut Eskoriatzako borrokaldiaren ostean esan zenuena, ring-era, zuen kasuan kaiolara, ezin zarela amorratuta igo. Amorrua ez dela borrokaldi batean bidelagun ona. 

Inondik inora. Emozioak gorde egin behar dira, eta burua hotz izan behar duzu. Borrokaldi bat bero-bero hasten baduzu, baliteke inoiz horrek emaitza ona ematea, baina ez da askotan gertatuko. Kaiolako borroka ez da kaleko borroka. Kaleko borroka biolentzia da, kaiola barrukoa kirola da. Egia da garai batean kirol jarduera hau lotzen zela kaleko gazte baztertuekin, biolentziarekin... Baina gauzek eboluzionatu egiten dute. MMA da borroka estilo mordoa batzen dituen artea, kickboxing-a, muay thai-a, jiu jitsu brasildarra, boxeoa... Joko arau batzuk daude. Ni ez naiz gazte biolento bat, ni atleta bat naiz, eta halaxe entrenatu eta zaintzen dut nire burua.  

Izan ere, erraztasun handia duzue min egiteko. 

Gorputza ematen diozunera ohitzen da. Ni ohituta nago kolpeak jasotzera, nire prestakuntzaren parte da. Baina jendeak ez daki jotzen, ezta kolpeak hartzen ere. Oso gutxirekin min egin diezaioket norbaiti, eta borrokalariak badaki hori. Asko dauka galtzeko. Ni ez nauzu giro horretan harrapatuko. Zapatu gauean atseden hartzen egongo naiz, astelehenean entrenatu beharra daukat.  

Oso gogor entrenatzen zarete. 

Nik borrokaldiak maite ditut, baina baita eguneroko entrenamendu saioak ere. Esaldi batek dio, egin ezazu maite duzun hori, baina maita ezazu, baita ere, egitea tokatu zaizun hori. Horretan saiatzen naiz, nahiz eta lehertuta nagoenean ez dudan entrenatzeko gogorik izaten ja, ja... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak