"Aspaldiko erantzun onena" izan dute AEDren literatura lehiaketek

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 18a, 09:26

Iazko sari banaketa ekitaldia.

AED elkarteak "irakurzaletasuna eta euskarazko sorkuntza sustatzeko asmoz" antolatzen dituen Arrasate literatur lehiaketek 35 urte bete dituzte aurten, eta "aspaldiko erantzun onena" izan dute. Izan ere, 383 lan aurkeztu dituzte (iaz, 159). Ekainaren 21ean egingo banatuko dituzte sariak, eta Helena Azkarragaurizar izango da gonbidatua.

Azkeneko hiru urteetan bezalaxe, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik DBH2ra artekoek hiru atal izan dituzte aukeran: narrazioa, ilustrazioa eta bertso-paperak. DBH3 eta Batxilergoko bigarren ikasturtera arteko gazteek, aldiz, mikroipuina, poesia eta komikia.

Parte-hartzea Lehen Hezkuntzako zikloan igo da nagusiki, ilustrazio eta narrazio ataletan, hain zuzen. "Ifrentzua komikietan egon da beste urte batez, lan bakarra aurkeztu baita". Hau izan da, zehazki, sail bakoitzean egon den parte hartzea:

  • Narrazioak: 114 lan
  • Ilustrazioak: 188 lan
  • Bertso-paperak: 35 lan
  • Mikroipuinak: 34 lan
  • Poesia: 10 lan
  • Komikia: lan bakarra

Une hauetan, lanak epaimahaien esku daude. Urtero bezala, hainbat irakasleren eta sortzaileren laguntzarekin osatu dituzte:

  • Narrazio lehiaketa, Arizmendi ikastolako gune ezberdinetako irakasleak.
  • Ilustrazioa, Olatz Zuazubiskar, Libe Argoitia, Helena Arkarragaurizar, Oier Zuñiga eta Arrasateko Institutuko artistikoko mintegiko irakasleak.
  • Bertso-paperak, Unai Bergaretxe, Xabi Betzuen eta Olatz Ibarluzea.
  • Mikroipuinak, Arrasate Herri Eskolako irakasleak.
  • Poesia, Arrasateko institutuko Euskara mintegiko irakasleak.
  • Komikia, Igor Leturia eta Julen Ribas.

Sari banaketa, esan moduan, ekainaren 21ean izango da, 18:30ean, Kulturaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak