Kultur aniztasunaren eguna da hilaren 21ean, eta bailaran egongo da horren harirako hitzordurik. Amerika elkarteak gastronomia eta kultura latinoz beteko du Seber Altubeko plaza: Mario Benedetti, Clarice Lispector eta Cesar Vallejoren poemak errezitatuko dituzte, Cristian Vergarak zuzeneko musika joko du eta Maya irakasleak Kolonbiako dantza folklorikoak erakutsiko ditu. Guzti hori pintxo-potearekin lagunduta.
Amerika elkarteak etorkinen erregularizazioa bizkortzeko lanean dihardu, besteak beste, Regularizacion ya! ekimenarekin bat eginez. Horren harira, sinadura-bilketari jarraipena emango diote Seber Altube plazako hitzorduan, Espainiako Kongresuko diputatuek gai hori eztabaidatu dezaten.