Udan ere jostailu truke merkatua egingo du Txatxilipurdik, bigarrenez

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 16a, 16:16

Iaz egin zuten lehenengoz uda garaian, eta aurten errepikatzea erabaki dute. Hala, ekainaren 3an izango da azoka, baina aurrez jostailuak jasoko dituzte, maiatzaren 27an, hainbat gunetan. Ohi moduan, jostailuen truke, txartelak banatuko dituzte; zenbat jostailu, hainbeste txartel.

"Etxean dauzkagun jostailuei begirada bat bota eta erabiltzen ez ditugunak beste batzuengatik trukatzeko gonbidapena luzatu nahi dugu", azaldu dute Txatxilipurdiko kideek.

Edonolako jostailuak trukatu ahalko dira azokan, baina uda gerturatzen ari denez, hondartzan edo igerilekuetan erabili ohi diren jostailuak trukatzea polita izan daitekeela onartu dute antolatzaileek: "Kuboak, palak, eskuare, kometak, urpean jolasteko jostailuak, ureztontziak, hondarretan jolasteko jostailuak, disko hegalariak eta abar".

Esan moduan, egun bakarra egongo da jostailuak jasotzeko, maiatzaren 27a, eta Txatxilupurdiko furgonetan honako ordu eta leku hauetan jasoko ditu:

  • 16:30-17:30ak bitartean Sebero Altube plazan jasoko dira.
  • 17:45-18:45ak bitartean Santamarinako ludoteka aurrean.
  • 19:00-20:00ak bitartean Arimazubi plazan.

Jostailuen ordez txartelak eskuratuko dituzte herritarrek eta txartel horiek, hain zuzen, baliagarriak izango dira jasotako jostailu guztien artean gustukoena aukeratzeko. Ekainaren 3an egongo dira guztiak ikusgai.

Antolatzaileek, orain arte bezala, ez dituzte jostailu guztiak onartuko, eta hainbat baldintza bete beharko dituzte trukatu ahal izateko: jostailuak egoera onean eta osorik egon beharko dira; indarkeria sustatzen dituzten jostailuak ez dira onartuko ez eta irudi sinbolikoa
dutenak ere, tartean pistolak, izan uretakoak edo ez; sexu bereizketa egiten duten jostailuak ere ez dira onartuko.

Azoka, ekainaren 3an

Ekainaren 3an, Monterrongo parkean, jasotako jostailuak ikusgai jarriko dituzte eta trukea martxan jarri. "Bertan, jokoak azaltzeko eta elkarrekin jolasteko tartea hartuko dugu, 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo gara", adierazi dute. "Jolas erraldoi batzuk ere eramango ditugu elkarrekin jolasteko eta arratsalde bikaina pasatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak