Ligako azken partidua izan zen atzokoa, eta bederatzi puntuko aldearekin irabazi zuten debagoiendarrek. Hala, datorren astean, lauko finala izango dute Iturripen (Arrasate).
Iñaki Ogara, Arri entrenatzaileak azaldu duenez partida oso gogorra izan zen atzokoa –bai fisikoki eta bai psikologikoki–, garaipena "oso garrantzitsua" baitzen bi taldeentzat. "Ondo hasi ginen: erritmoa markatzen, defentsan ere ondo, kontraerasoan min egiten...", dio Arri entrenatzaileak. Bigarren laurdenaren hasieran 19 punturen aldearekin jardun zuten MUko jokalariek.
Unamunoko neskek, baina, egoera ikusita, beraien bigarren hutsartea eskatu zuten, eta Arriren esanetan, hutsartetik bueltan "nabarmen" aldatu zen lehiaren norabidea: "Erabat aldatu ziren kontuak; partidan sartu ziren aurkariak. Atsedenaldira sei puntu goitik iritsi ginen, eta sentsazio txarrarekin".
Atsedenaldia hitz egin eta zenbait kontu zehazteko baliatu zuen MUk. "Ondo itzuli ginen atsedenalditik, baina partida hasieran baino estuagoa izan zen: 6-8ko aldearekin ibili ginen", jarraitu du kontatzen Arrik.
Bukaerako estrategia "partida lokartu" eta "erlojuarekin jolastea" izan dela azaldu du entrenatzaileak: "Hamar puntuko aldearekin genbiltzan, eta lasaitu egin genuen lehia; lokartu". Arriren hitzetan, "merezitako garaipena" lortu zuten atzo.