Hileko hirugarren zapatua ezberdina izan ohi da arrasatearrentzat; bai, behintzat, azokara joan eta bertako produktuak erosteko ohitura duten horientzat. Urteko bosgarren hilabetean berezitasun bat izango du azokak: ortuko landare eta loreak izango dira salgai. Erosketa bakoitzarekin etxean landatzeko landareak banatuko dira, baita Biteriko aparkalekuan bi orduz aparkatzeko txartela ere.
Goizeko 9:00etatik eguerdiko 14:00etara jarriko dira postuak Seber Altube Plazan, eta hala nahi duenak enkargu bidez ere eskuratu ahal izango ditu produktuak. Ekoudalatxek eta Urtineak ematen dute horretarako aukera, 626 152 510 eta 632 193 239 telefonoetara deituta, hurrenez hurren.
Tailer berezia
Azokaz gain, Lorategi eta ortu bertikala etxean tailerra ere antolatu du Arrasateko Udalak maiatzaren 21ean bertan. Goizeko 10:00etan hasiko da saioa, eta ezinbestean aurrez eman beharko da izena, 15 pertsonako muga baitu tailerrak. Bi aukera daude horretarako: ondoko galdetegia betetzea, edo BAZera deitzea (943 252 000).