San Felipe Elkarlaguntzak –edo garai bateko Cofradia de Socorros Mutuos San Felipe Apostol elkartea– 124 urte bete ditu aurten. Urte garrantzitsua izan da 2022 hau elkartearentzat; izan ere, bazkideen %72 baino gehiagoren asmoa errealitate bihurtu da. Javier Bengoa presidenteak azaldu duenez, Musakolako beilatokia aldatzeko beharra sumatu zuten San Felipe Elkarlaguntzako bazkideek: "Musakolako Beilatokia zahartuta zegoen; normala, Gipuzkoako lehenen- goetako bat izan zela kontuan hartuta. Bazkideak gogoz zeuden bailarako herritar guztientzat beilatoki berri eta ireki bat egiteko".
Hala, proiektuaren asmoa merkatura zabaldu, eta hainbat hornitzaile aurkeztu ziren beilatokian zerbitzua emateko. Prezioa eta kalitatea aintzat hartuta, Ojanguren Hileta Zerbitzuak enpresa aukeratu zuen San Felipe Elkarguneak. "1965. urtetik egon izan dira gurekin. Prestakuntza eta eskarmentu handia duen taldea da, eta Debagoienean Kalitatearen Ziurtagiria duen hileta-enpresa bakarra", dio Bengoak.
Sinesmen eta erritu guztientzat
Aurreratu bezala, San Felipe Beilatokiak eskualdean bizi diren pertsona guztiei eskaintzen die zerbitzua. "Pertsona bakoitzaren gurtza, sinesmena eta hileta-erritua edozein izanda ere, beilatokiak aukera ugari ematen ditu azken igarobidean dauden pertsonei agurra emateko", dio Bengoak.
Bide horretatik, Ojanguren hileta-enpresako Aitziber Ojanguren arduradunak azaldu du hileta zibilak egiteko –edo beste era bateko agurrak– harrera-gela handia dutela sarreran: "Espazio multifuntzionalak aukera ematen du agurrak modu berezian egiteko. Gainera, bertan jarri ditugun kamera eta pantailei esker, bertaratu ezin direnek streaming bidez jarraitu ditzakete ekitaldiak".
Teknologia berrien erabilera beste zenbait zerbitzutarako ere baliatzen dute San Felipe Beilatokian. Adibidez, Ojangurenek azaldu du zendu diren pertsonen bizitzak oroitzeko modu berezia eskaintzen dutela sinadura-liburu gisa jokatzen duten pantailek: "Familiari Interneteko lotura bat ematen zaio eta senideekin eta lagunekin elkarbanatzeko aukera dute. Lotura horretan argazkiak eta mezuak sar ditzakete guztiek, pertsona hori oroitzeko eta gertukoei doluminak emateko".
Espazio atsegina eta hurbila
Espazio argiak eta zuriak aukeratu dituzte beilatokiaren barrualdea diseinatzeko, eta materialari dagokionez, egurra izan da hautatu dutena. "Goxoa da, argitsua, modernoa, eta horrek ematen dio bereizgarritasuna. Ez genituen nahi beste leku batzuetan dauden panteoiak eta espazio goibelak", dio Aitziber Ojanguren arduradunak.
Beilatzeko hiru gela ditu, harrera-gela handia, bulegoa eta komunak. Bestetik, nabarmendu dute lan guztiak bertako langileek egin dituztela. Emaitzarekin pozik agertu da Bengoa ere: "Uste dut lortu dugula beilatoki atsegin egitea. Espazioak berak eta bertan dauden xehetasunek –Iñigo Arregiren artelanek, adibidez– laguntzen dute".
Kokapenari dagokionez, San Felipeko bazkideen nahia bete dela azaldu du presidenteak: "Herriaren erdigunean dago; elizak ere erdigunean daude, eta baita aparkalekuak eta autobus geltokia ere...".
Kalitatearen erakusle
Aurreratu bezala, Kalitatearen Ziurtagiriak ditu Ojanguren Hileta Zerbitzuak; ziurtagiriak dituen Debagoieneko hileta-enpresa bakarra da. "Urtero auditoretza batzuk egin behar ditugu, zigiluak berritzeko. Guk ematen dugun zerbitzuaren kalitatea adierazten dute".
Hilabete egin du San Felipe Beilatokiak arreta eskaintzen, eta, momentura arte egin duten balorazioaren arabera, bertatik igaro diren familiak "pozik" geratu dira. "Espazioa eta zerbitzua gustatu zaie. Espero dugu dena ondo joatea hemendik aurrera ere", dio Ojangurenek.